Gari-egitea Errezilen

Urola Kostako Hitza / Uztarria 2005ko abe. 13a, 12:12

Erreziltarrak laian (Argazkia: A. Azpillaga)

Igandean (abenduak 11) gari-egite eguna antolatu zuen Errezilen Atala Kultur Taldeak, eta jende asko bildu zen ekitaldian

Ekitaldiko argazkiak eta bideoa ikusgai webgune honetan

Herenegun (abenduak 11) egin zuten Atala Kultur Taldeak antolatutako gari-egite erakustaldia Errezilen. Hotz handia egin arren jende asko joan zen garai bateko nekazal lana nola egiten zen ikustera. Antolatzaileak gustura gelditu ziren gari-egitea nola atera zen, "herri giroa sortu zelako".

Belamendiko soroetan gari-egitearen lana bukatu ondoren, Atalakoek eta bertan parte hartu zuten herritarrek bazkaria egin zuten. 40 lagun inguru bildu ziren. "Bazkaritan geure artean hizketan egon ginen eta balorazio oso ona egin genuen. Batetik, herri giroa sortu zelako eta herritarren parte hartzeak garrantzia handia izan zuelako. Bestetik, bertara etorri zen jendeak oso interesgarria izan zela esan zuelako", adierazi du Gorka Tolosa Atala taldeko kideak.

Atala Kultur taldea ohitura zaharrak herrian ezagutzera emateko helburuarekin sortu zen. Hasiera-hasieratik, lagun talde baten asmoetatik sortutako egitasmoa da, eta herritar guztien parte hartzearekin, kultur ekitaldiei bultzada bat ematea dute helburu.

Igandean, gari-egitea egin zuten. Garai batean bezala egin zituzten gauzak errezildarrek. Orain Errezilgo eskolako haurrek zaindu egingo dute han botatako hazia. Eta garia ondo etortzen bada, prozesu osoa egiteko eta ezagutarazteko asmoa dute Atala taldekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide