.1998ko apirilaren 4a zen eta Uztarria Kultur Koordinadora sortu berriak (martxoaren 3an eratu zen) jendaurreko aurkezpena zeukan, Azoka plazan. Azpeitiko taldeen ekitaldi asko bertan: kitarristak, antzerkikoak, musika taldeetakoak eta, nola ez, bertsolariak. Horien artean, Jokin Uranga, Urko Egaña, Beñat eta Xebaxtian Lizaso Imanol Lazkano ere egotekoa zen, baina azken orduko gauza batengatik, ezin izan zuen azaldu. Horren aurrean, Xebaxtian Lizasok Andoni Egaña ekarri zuen ekitaldira. "Goizean elkarrekin aritu gara kantatzen zioen orduan Xebaxtianek, eguerdian elkarrekin geunden, gero beste toki batera goaz, eta nik Uztarriaren aurkezpenera etorri behar nuenez, eta jakin dudanean Lazkanok ezin duela, ba etortzeko esan diot Andoniri. Gustura etorri da". Huraxe orduko pasadizoa.
Ordurako Euskal Herriko txapeldun zen Egaña. Bi aldiz: 1993an eta 1997an. Atzo (igandea) laugarren aldiz irabazi zuen txapela.
Uztarriarentzat ohore handia da, beraz, koordinadoraren jendaurreko aurkezpenean Egañak (ere) kantatu izana.
Hain zuzen, bihar (asteartea) Azpeitian izango da Egaña bera, Betharramdarretan saioa duelako, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatuta. 22:30ean hasiko da. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jokin Uranga, Joxe Agirre eta Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe ariko dira harekin batera. Gai-jartzailea: Laxaro Azkune.
Harreman handia du Egañak Azpeitiarekin. 2000an, esaterako, Kilometroen alde Diego Garcia zenarekin lasterka apustua egin zuen zezen-plazan. Hura zela eta, biak protagonista izan ziren Uztarria herri aldizkarian 2000ko ekaineko zenbakian. Honatx orduan Xebaxtian Lizasok Egañaz Uztarrian idatzi zuena: "Bertsolari korrikalaria da Andoni Egaña. Gazte denboran bi maratoi hasi eta bukatu zituen, eta bere hirugarren maratoiak bertsotakoak, alegia errearazi du gehien. Andonik beti izan du kirolari grina bere barruan, eta bultzada txiki bat aski da zerbait proposatzean berak baiezkoa emateko. Orain dela bi urteko apustua ere Azkoitia-Azpeitia maratoi erdikoa, hain zuzen apustu honetan etsai izango duena Diego Garcia porrot baten ondoren triste zegoelako antolatutako apustua zen. Andonik irabazi zuen. Orain Kilometroak 2000 da aitzakia, eta ezetz esaten ez dakienari erraza da zerbait proposatzea. Munduaren ikuspegi zabala dauka Andonik, eta bihotza zabalagoa". Diego Garcia 2001ean hil zen, eta hona hemen Egañak hari buruz idatzi zuena.
1998ko anekdota hartako protagonistetako bat ere protagonista izan zen atzo, Barakaldon: Imanol Lazkano; berak jarri zion txapela Egañari. Uztarriarentzat hori ere ohore handia da, koordinadorako ohorezko bazkideetakoa delako Lazkano 2005eko ekainetik.