Belaunaldi berekoak gara Andoni eta biok, bost urteren aldea izan arren. Neu hilabete batzuk lehenago hasi nintzen gainera, eta Sarasuak urtebeteko aldea atera zigun bioi. Oroit naiz noiz eta non egin genuen topo lehen aldiz. 1982ko Lizardi sarian kantatu aurrez, orduko Zarauzko batzokian zen afaria. Berandu xamar agertu zen Andoni. Nik irabazi nuen urte hartako Eskolarteko Txapelketa eta berak ni ezagutzen ninduen. "Iepa, Euzkitze! Andoni Egaña nauk. Nik ere zuekin kantatu behar diat". Harrituta geratu nintzen. Geu baino are kalekumeagoa iruditu zitzaidan, eta artean salbuespen ginen halakoak. Kalekume ile-hori lotsati hark irabazi zuen Lizardi Saria. Hilabete batzuen buruan garaiko bertsolaririk onenekin aritu zen, inguruko herri batean. Orain oso lagun duen bertsolari batek esan zidan: "Bertso zahar asko zekik". Ez zen laudorioa bertsolari haren hitzetan, baina bai zerbaiten seinale. Gaur denak makurtzen gatzaizkio.
Erraz esaten da. Andonik lehen saio hura egin zuenetik 23 urte igaro dira, azken dozena bertsoei gorputz eta arima eskainita. Batzuk Amets Arzallusekin harritzen dira, hain gazterik puntara heldu delako. Harritzekoa bere maila da, ez adin horretan lortzea. Zerbait izan behar duenak urte gutxian hurbildu behar du gorenera. Askoz aipagarriagoa iruditzen zait puntan hainbeste urte eramanik lehian jo eta su aritzeko kemena izatea. Andonik ez du adinkiderik txapelketan, bere belaunaldikoak bidean geratu dira. Bistan da txapelaren jabe izateak eraman duela horretara, baina horrek ez du meriturik lausotzen, ez dohainik laurkitzen.
Egañaren azken hiru txapelak urrun xamarretik segitu ditut. Lehena jantzi zuenean, ordea, ezin hurbilagotik bizi izan nuen prozesua. Merezita irabazi zuen, eta orduan ere aitortu nuen txapeldun ordetza ez zela hain gazia txapelduna Andoni izanik. Aurtengo bigarrenak ere merezi du aipamenik. Unaik hautsi du taldearen homogeneotasuna, bera izan da, estetikoki eta gaien trataerari dagokionez, printzarik berezienak, sailetik apartekoak eskaini dizkiguna. Unairen lanak eman dio zentzua nik batere gogoko ez dudan buruz buruko azken lanari. Hau txapeldunaren soslaia da, baina ez dut uste Iturriagaren aipamena lekuz kanpo dagoenik, durangarraren lanak oraindik gehiago handitu baitu Andoniren txapela. Horrez gain, bera begitandu zait aurpegi bakarrekoen, zintzoen, lehiari dagokionez. Ondo pasatzera lagun artera joan behar da, txapelketa lehia da. Ondo, Unai!
Egaña aldamenetik eta atzetik ikusten ohituta nago. Aurrez aurre ikusteko ez da, gainera, beste zenbait bezain esker onekoa. Mañukortak irabazi egiten du lehen planoan, haren bekain-joko, keinu eta imintzioek ematen diote askotan bertsoari baliozko izateko falta duena. Andonirekin alderantzizkoa gertatzen zait. Bere begirada izuak, etengabeko begi mugimenduak, espresio larriak eta postura behartuak (esku bat okupatuta izateak behartua agian), telebistako lehen planoan ikusten den horrek guztiak, ez dit Andoniren bertsoez behar bezala gozatzen uzten. Alta, atzo bertan edo irabazi dituen gainerako final guztietan egin duen lana paperean jarri eta aztertzen hasiz gero, bertsolari txundigarria dela ondorioztatuko dugu. Gustuak gustu, ezin daiteke beste ondoriorik atera. Hizkuntza, erregistroak, ironia, gaien trataera, istorioen garapena, kantu lagunari entzuteko gaitasuna, erantzuteko erraztasuna... Dohain asko dira, eta denak beharrezko inoiz izan den onenetakoa izateko.
Txapela oholtzan galdu nahi zuela esan zuen behin. Ez diot opa bere hitzen gatibu izan dadin. Parte hartzea erabakitzen badu, biziki estimatuko dugu. Eta ezezkoa emango balu, bestela adinaxe. Hainbeste jenderi hainbat aldiz gozarazi dionak, badu bere gozamenari begiratzen hasteko eskubidea.