'La leyenda del Zorro'-k emango dio hasiera Gabonetako zine zikloari

Uztarria 2005ko abe. 22a, 13:12

Gaur hasi eta abenduaren 30a bitartean hamabi film botako dituzte

Zikloa Azpeitiko Zine Klubak antolatuko duen azkena da

Soreasu berritzeko proiektua dela-eta, Azpeitiko Zine Klub taldeak bere jarduera bertan behera utziko du Gabonetako Zikloa antolatu ondoren. Gaurtik abenduaren 30era bitartean hamabi film emango dituzte haurrentzat eta helduentzat. Umeentzako emanaldiak 17:30ean izango dira, eta helduentzakoak, berriz, 21:30ean.

-Abenduaren 22an, 17:30ean: La leyenda del Zorro.
-Abenduaren 23an, 17:30ean: 'Wallace y Gromit: La revelión de las verduras'.
-Abenduaren 26an, 17:30ean: Pailazokeriak eta 21:30ean: El mundo de Lelan.
-Abenduaren 27an, 17:30ean: Madagascar eta 21:30ean: Lila dice.
-Abenduaren 28an, 17:30ean: Doraemon haizearen jainkoak eta 21:30ean: Una historia de violencia.
-Abenduaren 29an, 17:30ean: 'Bibi la pequeña bruja y el secreto de los buhos azules' eta 21:30ean: El jardinero fiel.
-Abenduaren 30ean, 17:30ean: Daltondarrak eta 21:30ean: Paradise now.

Hona hemen egun hauetan ikusgai izango diren film batzuen sinopsiak:

Abenduaren 22, osteguna 17:30ean

La leyenda del zorro

.1850. urtea da eta California lurraldea bere etorkizuna aldatuko duen urrats bat emateko zorian da: Estatu Batuekin bat egitea, 31. estatu moduan, baina Ertaroko ordena izkutu bat horren aurka ari da buru-belarri. El Zorro, berriz, txiroen eta zapalduen alde ari da, kemen osoz, baina bere emazteak eta seme-alabek etxean sarriago ikusi nahiko lukete.

Abenduak 23, ostirala 17:30ean

"Wallace y Gromit: La maldición de las verduras":http://www.wallaceandgromit.com/fla/wg/html

Wallace asmatzaile jator eta onbera da, gazta eta gaileta gaziak izugarri gustuko dituena. Gromit, berriz, bere txakur leiala da, kultura handikoa eta bizitza lasaiaren zalea. Urtero egin ohi den Barazki Erraldoien Lehiaketa hurbil dela-eta, Wallace eta Gromit bizi diren herria erabat aztoratua dabil. Baina izaki erraldoi, ezezagun eta jatun bat agertzen denean barazki guztiak arrisku bizian izango dira.

Abenduak 26, astelehena 17:30ean

Pailazokeriak (Txirri, Mirri eta Txiribiton)

Munduan gauza arraroak ari dira gertatzen: basamortuak izoztu egin dira, Ipar eta Hego poloak urtzen ari dira... Itsaspean, Lady Kontrol gaiztoa eta bere errobotak lanean ari dira atsedenik gabe: munduko haurrei jolas, barre, entretenimendu guztiak debekatu behar zaizkie, bestela mundo osoa suntsituko du-eta. Txirri, Mirri eta Txiribitonek lan handia izango dute hori ez gertatzeko.

Abenduak 26, astelehena 21:30ean

El mundo de Leland (Matthew Ryan Hoge)

Leland Fitzgerald bere barne-mundutxoan sartua bizi den gazte nerabe bat da. Ustegabean, bera bizi den herriari egundoko ezustekoa emango dio, hilketa beldurgarri bat egingo baitu. Atxilotu egingo dute eta gazteentzako espetxe batera bidaliko. Han Pearl ezagutuko du, idazke izatea nahi duen irakasle bat. Lelan gazteak mundua ikusteko eta ulertzeko duen era bitxiak erakarrita, Pearl-ek haren bizitzan sakondu nahiko du, egin duenaren arrazoiak hobeto ezagutzeko.

Abenduak 27, asteartea 17:30ean

Madagascar

Alex oihaneko erregea da, baina New York-eko zoologikoko oihanekoa. Marty zebrarekin, Melman jirafarekin eta Gloria hipopotamoarekin batera, lasai asko bizi izan da beti bere kaiola handian, ondo janez. Baina egun batean kaiolatik ihes egin eta hiri handira ateratzea erabakiko du, mundua ikusteko. Bere hiru lagunak haren bila aterako dira eta egundoko abenturak gertatuko zaizkie.

Abenduak 27, asteartea 21:30ean

Una historia de violencia(David Cronenberg)

Tom Stall zoriontsu da bere emazte abokatuarekin eta bere bi seme-alabekin Indiana estatuko Millbrook herrian, gau batean bizitza idiliko hori bat-batean apurtzen den arte, bere jatetxean egin nahi duten lapurreta saio bortitz bat zapuzten duenean. Tom-ek zerbait arraroa somatu du eta bere bezero eta lagunak salbatu egiten ditu arriskutik, justiziarengandik ihesi dabiltzan bi gaizkile hiltzen dituenean bere burua babesteko. Tom heroi bihurtu da eta komunikabide guztien ahotan dabil, baina horrek bere eguneroko bizitza erabat aldatuko du.

Abenduak 28, asteazkena 17:30ean

Doraemon eta haizearen jainkoak

Doraemonek eta bere lagunek Haizearen haranera bidaia egin dute. Haran horretan haizeak agintzen du. Abenturarik ikusgarrienak biziko dituzte Fuuko dragoi-neskatilarekin, Haraneko haizezko izaki txikiarekin. Haran hartan bada ordea talde gaizto bat, Ekaiztarrak, Haizetar talde baketsuaren etsai direnak. Fuuko bahitu egin dute, mundua menderatzeko beharrezko baitute. Doraemon eta bere lagunak hura askatzen saiatuko dira.

Abenduak 28, asteazkena 21:30ean

Lila dice (Ziad Doueiri)

Lila hamasei urteko neska ilehori polita da, eta ehuneko handi batean familia arabiarrak bizi diren auzo batera bizitzera etorri da, bere izebarekin. Bi gazte, elkarren lagunak, maitemindu egin dira berataz. Horietako bat pelikularen narrazioa egiten duena da, Chimo, poetikoa, lasaia eta ederra. Bestea Mouloud da, Europan jaioa, arabiar harroxkoaren eredu ezin hobea. Lila Chimorengana hurbiltzen da eta hor hasiko da erakargarritasun jolasa. Lilak alde egiten duenean, Chimo bat-batean heldutasunera iritsiko da eta hitz egitera ausartuko.

Abenduak 29, osteguna 17:30ean

"Bibi, la pequeña bruja, y el secreto de los búhos azules":http://www.babadu.com/peliculas/2/83/index.php

Magia eta sorginkeriak oso gustuko ditu Bibik eta eskola kontuak zertxobait baztertuak ditu. Matematiketan nota txarrak atera dituenez, udako oporrak Altenberg-eko gazteluan pasa beharko ditu, hango kolejioan interno. Ba omen dira han inguruan hontz urdin batzuk, hauts majikoak dituztenak. Baina badaude pertsona batzuk Bibiren kontra ari direnak ere...

Abenduak 29, osteguna 21:30ean

El jardinero fiel (Fernando Meirelles)

Kenyako iparraldeko lurralde urrun eta ezezagun batean Tessa Quayle, inguru haietako aktibistarik sutsu eta saiatuenetako bat, hil egin dute. Aldi berean, harekin batera zihoan herriko mediku bat ere desagertu egin da eta denek irizten diote hilketa pasional bat izan dela. Jendea hor ari da esamesetan eta txutxumutxuka eta, ordura arte oso paketsua eta orekatua izan den Justin Quaylek, Tessaren alargunak, bere emazte zenaren izen ona garbitzeari ekingo dio eta hark hasitako lanarekin jarraitzea erabakiko du.

Abenduak 30, ostirala 17:30ean

Daltondarrak Lucky Lukeren kontra

Lau anaia dira Daltondarrak, denak gaizkile eta lapurrak. Joe-k, anaia zaharrenak, eta Averell-ek, gazteenak, banku batean lapurreta egitea erabaki dute, haien ama harro egon dadin, baina gauzak ez dira uste bezala aterako. Espetxeratu egiten dituzte eta, handik ihes egin ondoren, lau anaiek Mexikoko muga zeharkatuko dute, beren helburuak betetzen lagunduko dien kapela magiko baten bila. Lucky Luke, ordea, atzetik dute...

Abenduak 30, ostirala 21:30ean

Paradise now (Hany Abu-Assad)

Khaled eta Said, txikitatik lagun diren bi gazte palestinar, Tel Aviv hirian egingo den atentatu suizida batean parte hartzeko harrapatu dituzte. Azken gaua beren familiekin pasa ondoren, eta haiengandik agurtzeko aukerarik gabe, bonbak lotzen dizkiete soinean eta Israelgo mugaraino eramaten dituzte. Baina gauzak ez dira ateratzen uste duten bezala eta elkarrengandik banandu egiten dira. Hortik aurrera, bakoitzak bere patuari eta bere sineste eta ideiei aurre egin beharko die.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide