Aspaldiko asmo bati heldu eta aurrera eramatea erabaki dute Udaleko Kultura batzordeak eta herriko zenbait musika eta dantza taldek: gaur, 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan Munduko Gabonak
jaialdia egingo da.
"Udal Musika Bandan eta Julian Barrenetxea Abesbatzan gabiltzanok geure artean behin baino gehiagotan aipatu genuen Gabonetan elkarrekin zerbait egin genezakeela. Otsailean, Asteburu Musikalak antolatzeko elkartu ginenean, Gabonetan jaialdiren bat egiteko ideia atera zen berriro, eta urriaren hasieran asmoari heldu eta antolatzen hasi ginen", dio Aitor Gorrotxategik, Udaleko Kultura batzordeburuak.
Gabonen inguruko pertsonaia nagusi edo ezagunen antzezpena egingo dute gaurko jaialdian: Olentzero, bizar-zuri eta erregeak. Pertsonaia horiek Emakumeen Antzerki Tailerreko kideek antzeztuko dituzte.
Antzerki Tailerraz gainera, beste hainbat taldek hartuko du parte jaialdian: Udal Musika Banda, Izarraitz Txistulari Taldea, Juan Antxieta Musika Taldea, Julian Barrenetxea eta Dantza Suelto Taldea.
Sarrera doan izango da, baina borondatea jasoko dute. Biltzen den dirua Azpeitiko Karitas taldearentzako izango da. "Aurten Karitas taldea laguntzea erabaki da, baina datorren urtean beste proiekturen bat laguntzeko asmoa dago", diote antolatzaileek.
Parte hartuko duten taldeek atzo eta gaur egingo dituzte entsegu nagusiak jaialdia egingo den Izarraitz pilotalekuan bertan.