Udalari, Soreasuko mahaia osa dezala eskatuz

Uztarria Kultur Koordinakundea 2006ko urt. 5a, 18:01

Udalak Soreasuko kultur guneaz daukan jarrera dela eta, Uztarriak oharra atera du

Gaurko Noticias de Gipuzkoa egunkarian, Aitor Gorrotxategi Azpeitiko Kultura batzordeburuaren adierazpenak datoz Soreasuko kultur guneaz. Besteak beste, hark esan du "Soreasu ekipamendu soziokulturala" izango dela, eta asmoa, "Udalak eginiko proiektuaren baitan, antzoki handi bat, herriko kultur talde guztientzako gelak eta formato txikientzako erabilera anitzeko bi areto egitea da".

Harrituta utzi gaitu Gorrotxategik hori esateak, dena erabakita balego bezala hitz egiten duelako eta bera esaten ari denarekin kontraesanean dagoelako.

Batetik, Gorrotxategi bera duela hilabete askotatik ari da esaten Soreasuko kultur guneaz hitz egiteko, herriko kultur taldeen mahaia osatuko duela. Baina hilabeteak daramatza mahai hori osatu gabe, bilerarik antolatu gabe.

Bestetik, Uztarria Kultur Koordinakundeko taldeek —Azpeitiko kultur taldeen bilgunea da— irailaren bukaeran proposamen bat egin zuten, herriko beste eragile askoren babesaz: Soreasun Kafe Antzokia zabala eta parte-hartzailea sortzea. Udal taldeei ere aurkeztu genien, eta harrezkero diskrezioz aritu gara harremanetan. Guk 15 egun izan genituen Udalean proposamenak aurkezteko. Egin genuen geurea. Baina oraindik, 100 egunen ondoren, ez dugu erantzunik jaso.

Eta Udala, bitartean, egunkari batean hizketan ari da proiektuaz, nahikoa zehaztasunekin gainera.

Uztarriak uste du ardura handiagoz jokatu behar duela Gorrotxategik Udal Kultura batzordeburu gisa eta, kultur taldeei zor zaien errespetuarekin, mahaia osatu eta bilera antolatu behar duela lehenbailehen, hor hitz egiteko eta adosteko Soreasuko kultur gunearen filosofiaz, egituraketaz eta mahai gainean dauden proposamenez. Azken batean, herritarrek eta kultur taldeek emango diotelako bizia guneari.

Kultur taldeak prest eta zain gaude Soreasuz, globaltasunean, hitz egiten hasteko. Eta berriro diogu: espero dugu Udalak arduraz jokatzea kultur azpiegiturak bezalako gai estrategiko baten aurrean.

2006ko urtarrilaren 5ean, adeitasunez, Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide