Sansebastianetarako prestaketa lanak gaur hasiko dituzte helduen danborradako elkarteek eta taldeek. Aurten leku berrian egingo dituzte entseguak, Izarraitz pilotalekuan. Gaur da aurrena, 21:00etan; bertan ezingo da erre.
Aurten hainbat berrikuntza eta aldaketa izango ditu helduen danborradak. Horien inguruan danborradako parte hartzaile batzuek dituzten iritziak jaso ditu 'Urola Kostako Hitza'k.
GALDERAK
.1.- Euria egin ala ez, irten egingo du danborradak. Horretarako zirak jartzea erabaki da. Zer iruditzen?
.2.- Aurten bi entsegu gehiago egingo dira. Ondo al deritzozu?
.3.- Eta entseguen toki aldaketari dagokionez, zerbait esateko?
.4.- Aurten CD berria atera da. Zuei balioko al dizue?
Pedro Illarramendi Alkartasunako zuzendaria
"Zirak jartzea erabaki egokia iruditzen zait"
.1.-"Euria egiten duenerako zirak jartzea oso erabaki egokia dela iruditzen zait. Eguraldi txarra egiten duenerako, denon artean, erabaki bat hartu eta adostasun batera heltzea ondo iruditzen zait".
.2.-"Entseguetan gauza berak egiten badira, ez nago ziur entsegu gehiago egitearen aldekoa naizen. Hobeto jotzeko balio badute, dudarik gabe entsegu gehiago egitea hobe dela. Jendeari entseguetara joateko aukera gehiago ematea ondo ikusten dut. Baina 700 lagunek irteten dute danborradan eta entseguetara 200 inguru joaten dira".
.3.-"Izarraitz leku hobea da entseguetarako. Jendeak hobeto ikusiko ditu zuzendariak".
.4.-"Danborradako piezen diskoa entzuteko aukerarik ez dut izan oraindik. Kanpoan ibili naiz eta".
Manuel Garcia Mane
Sanjuandegiko zuzendaria
"Danborradako diskoa oso ederra da"
.1.-"Nahiz eta euria egin jendeak danborra jotzea nahi izaten du, baina trajeek tinta botatzen dute eta garestia ateratzen da. Baina jendeak irten egin nahi du eta horretarako hartu da zirak jartzeko erabakia".
.2.-"Lau entsegu ez, bi hilabetetan egin beharko genituzke entseguak, pieza berriak ondo jotzen ikasteko. Entsegurik ez bada egiten ahaztu egiten da. Gaur entseguetan ikusiko da ea zer gertatzen den, arazoak egon daitezke, pieza berriak ikasi beharko dira, eta gero joko ditugun ez dakit...".
.3.-"Leku hobea da Izarraitz entseguetarako, danborjoleek hobeto ikusiko dutelako zuzendaria. Erretzerik ez da egongo, baina ordubeteko kontua da".
.4.-"Danborradako piezen diskoa zoragarria da. Danborrak ondo entzuten dira, disko ederra da".
Mikel Ibartzabal Udaleko festa batzordeburua
"Entseatzeko leku hobea da Izarraitz"
.1.- "Danborradako zirak Udalak jarriko ditu, aurtengorako eskatu ditugu dagoeneko. Iazkorik ez dut nahi pasatzerik eta erabakia denon artean hartu dugu. Zer eguraldi egingo duen ez da jakiten eta aurrez zer egin beharko litzateken erabakia adostuta dugu".
.2.-"Gaur diskoarekin egingo da entsegua eta gainontzeko hiru egunetan Musika Bandarekin. Jendeari entseguetara joateko aukera gehiago emateko lau entsegu jarri dira. Batzuk errelebotan egiten dute lana, entseguak bi astetan jarrita horiek entseatzeko aukera gehiago edukiko dute".
.3.-"Danborjoleentzat azoka plaza baino leku hobea izango da Izarraitz. Epelagoa. Kantxan ezingo da erre, baina ordubeteko kontua da eta jendeak errespetatzea espero dugu".
.4.-"Diskoak oso harrera ona eduki du eta oso gustura gaude. Aurkeztu genuen egunean asko saldu ziren. Mila ale ekarri genituen eta ia denak banatu dira dagoeneko".
Jose Ignacio Agirre Mendizaleen zuzendaria
"Zirak jartzea ez da irtenbidea"
.1.-"Zirak jartzea niri ez zait iruditzen irtenbidea denik, nire iritzi pertsonala da, ordea. Danborradako traje batzuk bustitzen direnean tinta botatzen dute eta kalte handia da".
.2.-"Entsegu gehiago behar dira, baina ez dakit irtenbidea lau jartzea den".
.3.-"Izarraitz babestuagoa eta goxoagoa izango da entseatzeko. Ondo iruditzen zait entseguen tokia aldatzea".
.4.-"Diskoa ez dakit zenbat ibiliko dugun entseguetarako, baina danborradako piezak jasotzen dituen disko bat edukitzea ondo dago".