Erremonteko txapelik ezingo du herrira ekarri Ion Etxeberria erremonteko azpeitiar jokalariak. Izan ere, XXXV. Faustino Txapelketako finala galdu egin du gaur (urtarrilak 14) Koteto Ezkurrarekin, Zeberio II.a-Auzmendiren aurka; 40-32 egin dute, Galarretan.
Hasieran Zeberio II.a-Auzmendi jarri dira aurretik, eta partida osoan aurrea hartuta joan dira. 6-1 galtzen hasi da azpeitiar atzelariak osatutako bikotea; gero, 8-2, 11-3, 14-9, 15-12, 24-18, 29-22, 33-25, 34-28, 38-32 eta 40-32.
Zeberiok bosgarren txapela lortu du; Kike Elizalderekin batera txapel gehien dituen pilotaria da. Auzmendik, berriz, bigarrena du.
Irabazleek oso maila ona erakutsi dute. Ion Etxeberria pilotari azpeitiarrak (22 urte) ere partida ona egin du; errebotean oso ondo aritu da. Maila eskasena eman duena Ezkurra izan da.