Gaur iritsi da eguna egoera anormal batetara egokitu eta normala izango balitz bezala onartzera heldu garela. Gaur atzo bezala, hainbat herritar hitzik gabe aurkitzen dira espainiar gobernuak hartu zuen erabaki antidemokratiko batengatik. Azpeitian, Euskal Herriko herririk gehienetan bezala, ezker abertzalea ordezkaririk gabe aurkitzen da, ez herritarrek nahi ez dutelako, baizik eta burokratiko batzuek momentu jakin batean "honaino iritsi gara" esan eta beste behin ere "demokrazia" hitza zein erreza den erabiltzea erakutsi dutelako.
Legea aurrera eman duena espainiar gobernua izan bada ere, argi geratu da alderdi politiko batzuek egoera antidemokratiko honi zukua ateratzen jakin izan dutela. Guztiok dakigun bezala, Azpeitian Habeari lau zinegotzi zegozkion, baina EAJ, EA, PSE, eta PPren artean banatuak izan ziren, non ilegalizazioagatik izan ez balitz, aurretik aipatu ditudan bi alderdiek ez luketen ordezkaririk izango. EAJk eta EAk diote beraiek ahal dutena egin dutela ilegalizazioa ez aplikatzeko, baina egoera honi buelta ezin zaiolakoan eman aulkiak etxerako gorde dituzte. Adibide bezala urrunera joan gabe hor daukagu Azkoitiko esperientzia, non Batera-eko kide batek berari ez zegokion aulkia Kimue plataformari itzuli zion. Horrek erakusten du, benetan borondate politikoa eduki eskero litekeena dela maila batean injustizia hau alde batera uztea, eta hori da azken batean eskatzen duguna, hau da, HERRIAREN HITZA ERRESPETATZEA.