Bihar (hilak 19) da San Sebastian bezpera, eta etzi eguna. Danbor hotsak eta sansebastianetako doinuek hartuko dute 24 orduko jaian protagonismoa. Bihar bertan 700 danbor-jotzailetik gora aterako baita helduen danborradan, eta hauei lekukoa etzi haurrek hartuko diote: 400dik gora aterako dira.
Baina jaiari aurre hartuz eta kalea girotuz, Azpeitiko hainbat denda eta saltokietako erakusleihoetan kolore zuriak eta urdinak dira nagusi. Beste batzuetan, berriz, ohi bezala danborradan irtengo duten taldeen jantziak eta banderak jarri dituzte erakusgai. Elkarteetako arropak bihar arte egongo dira erakusleihoetan, danborradarako jasoko baitituzte danborjotzaileek. Danborrada bukatu ondoren, talde batzuek elkarte atarian jarri ohi dituzte banderak; 24 orduz edukitzen dituzte zintzilik. Behin sansebastian eguna bukatu orduko, jaso egingo dituzte.