Nagore Illarramendi aurtengo sansebastianetako danborradan Barrenetxea taldeko zuzendaria izango da, eta nahikoa urduri dagoela adierazi dio 'Hitza'ri.
Zuzendari lanetan ariko zaren lehenengo aldia al da ?
Bai, orain arte danborra jotzen atera izan naiz, eta egia esan nahikoa urduri nago.
Nolatan animatu zara zuzendari izatera?
Zozketaz tokatu zitzaidan, eta hemendik aurrera horrela egingo dugu. Beraz, hurrengo urtean beste taldekide bat aterako da.
Eta gustura al zaude zuzendari izan behar duzulako?
Hasieran, marroi bat bezala hartu nuen, baina orain gustura nago eta gainera zuzendaririk gabe talderik ez da aterako. Beraz, norbaitek atera behar du.
Ardura handia al da azpeitiar batentzat danborradako zuzendaria izatea?
Niretzat bai. Danborra joz lasaiago joaten zara, beti ere taldean joateak lasaitasuna ematen dizu. Orain, ordea, badirudi dena bikain egin behar duzula... Urduri nago, bai, eta "agujetak" ere baditut, baina, tira...
Erraz ikasi al duzu zure lana?
Bai, erraz ikasi dut. Gainera, lehen ere danborra jotzen nuenez horrek ere lagundu dit ikasteko orduan. Nire aita ere zuzendaria da beste talde batean, eta berak ere lagundu dit. Taldekideek ere pixka bat lagundu didate, eta tira, denok batera nahikoa ondo moldatu gara.
Danborra jotzen ala zuzendari lanetan gozatzen da gehiago danborradan?
Oso desberdina da. Ni oraindik zuzendari bezala ez naiz atera kalera, baina badakit oso serio joango naizela, eta berez ez naiz horrelakoa baina buruan kanten eskemak eginda ditut dagoeneko, eta momentu bakoitzean zer egin behar dudan pentsatzen joango naiz. Oso kontzentratuta egoten naiz. Danborra jotzen asko gozatu izan dut, eta pentsatzen dut zuzendari bezala tentsioan eta urduri joango naizela.