Joan den asteburuan Holidays in Bardulia jaialdia egin zuten Azpeitiko Gaztetxean. Punk-Oi! musika egiten duten 13 taldek kontzertua eman zuten, eta jendetza bildu zen Gaztetxean. Baina jaialdiaren arrakasta ilundu duten gertaera batzuk ere izan ziren Damaso Azkue auzoan dagoen Gaztetxearen inguruan, joan den ostiralean eta larunbatean. Izan ere, txikizioak egin zituzten jaialdira etorritako zenbait lagunek. Hori dela eta, Azpeitiko Gaztetxeko kideak kezkatuta agertu dira, eta auzoko bizilagunen aurrean eta herriaren aurrean bi puntu argitu nahi izan dituzte.
Gertaerei dagokienez, "gure belarrietara iritsi denaren arabera, erabateko desadostasuna eta haserrea adierazi nahi dugu izan diren gertaeren inguruan, jendea izorratu eta gauzak puskatzea helburu duten gertaeren aurrean. Ezin ditugu ulertu Gaztetxearen aurkako, bizilagunen aurkako eta inguruaren aurkako jarrera zentzugabeko hauek, eta are gutxiago aurrez hori guztia hitz eginda zegoela jakinda", adierazi dute Gaztetxeko kideek. Bestetik, aurrera begirako irtenbideak jarri nahi izan dituzte, eta horrela azaldu dute: "Astebukaerako gertaeren inguruko hausnarketak ondorioak ekarriko ditu Gaztetxean, eta aurrera begira neurri batzuk hartuko dira. Bizilagunekin elkarlana bultzatu nahi dugu (nahiz eta horrelako gertaerek batere lagundu ez), eta beraiekin aurrera begirako neurrien eta izandako kalte-ordainen inguruan hitz egiteko prestutasuna agertu nahi dugu".