Joxe Agirre: "Txapelketan gutxi ibilita ere, plazarako abila izan naiz"

Jon Abril (Berria) 2006ko urt. 28a, 16:01

Gaur (larunbata) Bertso Eguneko protagonistetako bat izango da, eta elkarrizketa egin dio Berria egunkariak

Emaztea hil zitzaionean, bertsolaritza uztekotan egon zela dio Agirrek

Gaur (larunbata) Kursaalean eginen den Bertso Eguneko protagonistetako bat izanen da Joxe Agirre, haren belaunaldiko bertze bertsolari anitzekin batera. Hizketarako gogo handirik ez duela erran arren, zer kontatua badu oraindik. Bertsolaritzarekin aspertzen ez, eta baserriko lanekin ere jarraitzen du. Haren xalotasuna edozein gozatzeko modukoa da.

Kursaalean izanen zara gaur. Bertso Egunean plazan hain ohikoa ez den belaunaldi bat ikusiko da. Ilusioz?

Gure adinean ilusio handiena galdua dugu, ezin da ilusio handiz jardun. Halere, gurekin akordatzeak beti ematen du poza. Ezin ukatuko dugu ilusioa egin digula.

Gutitan izaten du zure belaunaldiak horrelako jaialdietan lekua, eta zer erranik ez hainbertze bertsolari elkarrekin ikusita. Zergatik?

Ibiltzen naizenarekin konforme nago, ezin dut gehiago eskatu nik. Normala da gu gutxi ibiltzea, gazteak baino gutxiago ibiltzea. Seinale txarra litzateke gu ibiltzea plazarik plaza bertso kantuan. Gazteei tokia egin behar zaie, kantatu dezatela, haiek izan daitezela protagonista. Sei bertsolarirekin eta egiten diren jaialdi mordoa egin dut nik joan den urtean bertan, eta baita bertso afariak, bertso bazkariak... Oraindik badut zer kontatu.

Zer eskaini nahiko zenukete?

Ahalik eta bertso onenak egiten saiatuko gara. Ahalegina. Denak ez dira onak izango, lehenago ere ez genituen egiten eta! Imanol Lazkano eta biok taberna batean bezala ariko gara, giro horretan. Ni gustura nago. Bertsoetarako jarri didaten lagunarekin kexarik ez dut. Halere, beti izaten da beldurra, ikara, mikrofonora joan eta zer kantatu.

Hainbertze plazaren ondotik oraindik beldurrik izaten al duzu?

Lehenago baino beldur handiagoa izaten dut orain. Pertsona zahartu bezala, ugaldu egiten zaio beldurra. Pertsona bezala kaskartu naiz, eta ez naiz mutil gaztea. Bertsoa, gainera, atzekoz aurrera egiten da. Bukaera ahaztea gauza erraza da. Gure adinean, errazagoa da oker egitea. Lehen ere egiten genuen bertso okerrik!

Zure belaunaldian, halere, salbuespena zara. Saio anitz egiten duzu urtean.

Baliteke. Kalendarioan ditut apuntatuak joan den urtean egin nituen saio guztiak. Ez ditut gogoan orain, baina 60tik gora izango ziren, eta 80tik gora aurreko urtean. Deitzen didatenean joateko ohitura dut, ez dut ezetzik ematen, ez bada osasunagatik. Joan den urtean hortzak konpondu dizkidate, eta gaizki ibili nintzen. Ezezko batzuk ere eman behar izan nituen, eta derrigor esan behar izan nuen batzuetan ezetz. Gainera, ezetz esaten hasiz gero, guztiz utzi behar da, erabat utzi eta bakea!

Uzteko tentazioa izan duzu inoiz, ala?

Horrelako burutazioak etortzen dira tarteka. Irailean bost urte bete dira andrea hil zela. Orduan pentsatu nuen gehiago inora ez joatea. Baina berehala hasi zitzaidan jendea berotzen, joan behar nuela, eta hemen gabiltza oraindik. Egun txarra duzunean, «gehiago ez naiz joango» pentsatzen duzu. Hurrengoan gustura etortzen zara etxera, eta beste denboraldi baterako animatuta jarraitzen duzu.

Gainera, bertsolari gazteekin harreman ona duzu, eta laudorio anitz egin izan dizkizute.

Apartekorik ez dut egin nik gazteekin ongi ibiltzeko. Oraingo gazteak jatorrak direla izango da. Oso ondo moldatzen naiz ni gazteekin. Nire belaunaldiko jendearekin ere bai, gazteekin bezalatsu. Imanol Lazkano eta Joxe Lizasorekin ere ibili naiz asko bertsotan, eta horiekin ere oso ondo moldatzen naiz. Heldu den hilabetean, adibidez, Arzallus eta biok gara joatekoak bertso afari batean elkarrekin kantatzera. Gustura joango naiz. Egia esan, bertsoetarako lagun txarrik ez dago.

Txapelketetatik kanpo zaude, aspaldi. Baina saioetan Txapelketa Nagusiaren zurrunbiloa sumatu al duzu?

Jendearekin ez dago kexatzeko motiborik. Txapelketaren eragina pixka bat nabaritu da, plazetara jende gehiago hurbildu da. Finaletik hona saio gutxi egin ditut nik, baina sumatu dut gehixeago. San Sebastian bezperan saioa egiten da hemen, Azpeitian. Soreasu antzokian egiten zen lehen, eta orain eliza atzeko aldean. Jendea kanpoan gelditu zen, lepo zegoen. Berotasun hori badago. Osasun onean dago, hortaz, bertsolaritza. Pozgarria da hori. Ni ez nintzen bertsotan oso gazte hasi, hasi ordurako 29 bat urte banituen. Orain 15-16 urterekin hasten dira. Garai hartan zenbat bertsolari zen plazetan kantuan? Eta itxuraz kantatzeko moduan? Uztapide, Basarri, Zepai, Loidisaletxe, Joxe Lizaso, Lasarte... ibiltzen ziren gehien. Gaur, berriz, herri batera joan, eta itxuraz egingo duen jende asko dago. 30 bertsolaritik gora bai!

Nola jarraitu duzu Txapelketa Nagusia? Zein ondorio atera dituzu?

Finalean izan nintzen bakarrik. Gustura egon nintzen. Epaimahaiak lanak ongi egin zituen nire ustean. Egañaren zale handia naizelako edo, oso ongi. Egañak egun guztian saio ona egin zuen. Egia esan, han ez zen txarrik izan. Eta gero hango giroa, harritzeko modukoa! Hainbeste jende. Bertsolaritzak zer maila duen hor ikusten da. Gure garaian finalak antzokietan egiten ziren, eta antzokiak ezin bete ibiltzen ginen, eta nora iritsi den gauza. Pentsaezina da, harrigarria.

Halere, bertsolaritza anitz aldatu da.

Bai. Ez dakit garai batean bezainbeste errespetatzen den. Azpeitiko plazan, udaletxeko balkoitik bozgorailurik gabe aritzen ginen. Txapel zena, bertsolari ona zen, baina ahots baxukoa. Haren bertsoa plazatik ongi entzuten zen. Has zaitez gaur, ez litzateke inor geldituko. Afaltzera nora joaten ginen jakinez gero, jendea amorratuta joango zitzaigun atzetik. Hori galdu da. Grina hori aldatu da. Tabernan askotan jarduten ginen gu bertsotan. Azkenekoz noiz aritu nintzen ez naiz gogoratzen. Musika, telebista, zarata... tabernako giroa ere aldatu da.

Eta plaza bera ere bai, ezta?

Bai, baina hori onerako izan dela uste dut. Bertsolariek edozein gauzari kantatzeko kapazak direla erakutsi dute, eskola aldetik jantzita daude. Gu batere eskolarik gabekoak ginen. Ni ez naiz kapaz izan gauza askori kantatzeko. Mami gutxiko bertso asko egin behar izan dut, nolabait kantatu, betelan asko. Librean aritzeko joera handiago zegoen garai batean.Gaztetan ia beti librean aritzen ginen. Gaia jarrita kantatzeak beldurra ematen zigun, gaiari kantatu nahi ez bezala aritzen ginen. Lagunartean, afalondoan errazago ateratzen da bertsoa.

Bertsolarien artean ere maiz egon da eztabaida hori, gaia jarrita edo librean kantatu behar ote duen bertsolariak.

Zein tokitan zauden arabera behar du horrek. Plaza batera joan eta hango berririk ez baduzu, nondik hasi ez baduzu, zeri kantatu, «egun on» edo «arratsalde on» hori esan, eta zeri gehiago kantatu ez duzula geratzen zara. Horrelakoetan gaia behar du bertsolariak.

Bertsoa eta Joxe banandu ezin.

Mutil kozkorretatik afizio handia izan nuen bertsotarako. Ni ez naiz bertso eskolan ibilitakoa, eta zerbait izan ez badut ikasitakorik izan dut. Hala ere, lehen baino askozaz gutxiago aritzen naiz orain. Garai batean, behiekin eta ukuiluan nengoela eta erraz hasiko nintzen bertsotan. Guztiz utzia ez dut, plazan kantatu behar baduzu jarraitu beharra dagoelako, baina apalduta bai. Eta puntakoa ez naiz izan, txapelketetarako urduria izan naiz, ez dut txapelketan nuen guztia eman. Lehendabizikoz sariketa batean plazaratu nintzen hartan ibili nintzen lasaien, galtzeko deus ere ez nuelako. Plaza gizon txarra izan naiz ni. Hala ere, txapelketan gutxi ibilita ere, plazarako abila izan naiz. Eta beti izan dira horrelakoak. Begira Irazu bera. Aurten ez da zortzi onenetan izan, baina seguru naiz beste edozeinek baino plaza gehiago egingo dituela hurrengo udan.

Nola hasi zinen zu bertsotan?

Tabernan, Joxe Lizasorekin. Lagunartean saio batzuk egin genituen. Aginagan gazteentzako sariketa bat antolatu zuten, eta lehenbiziko aldiz parte hartu nuen. 15 edo 16 izango ginen kantuan, eta txapela niri jarri zidaten, ez dakit merezi nuen edo ez, baina niri eman zidaten. Inoiz baino saio gehiago egin nituen orduan, auzo kozkorretara joaten ginen kantura.

Eta bidean Joxe Lizaso eta Imanol Lazkano izan dituzu bidelagun handiak.

Oso lagun onak, oso onak. Lasarterekin ere bolada batean dezente ibili nintzen. Hura txukuna da bertsotan! Uztapiderekin ere pixka bat aritu nintzen, eta Basarrirekin ere zer edo zer. Sentimenduak, lagunak... nahasi egiten dira. Eguna ongi pasatzeko lagun onak dira horiek. Bertsotan hasi ginen garaian gure etxera ez zegoen ez biderik, ez telefonorik. Abisua jasotzen genuen nolabait. Autorik ez zen izaten, trenean joaten ginen, ahal bezala. Abisuak nola hartzen nituen ez naiz gogoratzen. 38 urte dira bidea gure etxera egin zutela. Baina haren aurretik da saio gehien egiten nuen garaia. Ehun saiotik gora egiten nuen urtean.

Eta lana?

Baserritik bizi nintzen orduan, eta gero harrobian ibili nintzen. Baserritar izan behar zen nahi eta nahi ez bertsolari izateko. Harrobian, hala ere, arazorik ez nuen izan nik, baserritar bezala aritzen bainintzen han. Orduka ordaintzen zidaten, seguru sozialetan eta sartu gabe, eta bertsoetara joateko arazorik sekula ez zidaten jarri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide