Danborradaren "balorazio ona" eginda, datorren urtera begira jarri dira taldeak

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 3a, 11:02

San Sebastian bezperako argazki bat

2007an talde berri batek behintzat irteteko asmoa du; danborradako taldeek uztailean egingo dute hurrengo bilera (Urola Kostako Hitza )

"Aurtengo helduen danborradaren balorazioa ona izan da, eta izan diren aldaketa txikiekin gustura gaude". Hori izan zen herenegun iluntzean Udaleko Festa Batzordeak deitutako batzarrean , danborradan parte hartzen duten taldeen eta elkarteen ordezkariek azaldu zutena. Danborradan talde berriak sartzearekin denak ados daude, baina horrek ondorioak ekarriko dituela ere badakite. "Ibilbidea, Plazan ezin denak sartu... Horretaz hitz egin beharko dugu. Uztailaren lehen astean beste bilera bat egitekotan gelditu ginen, eta han jasoko ditugu taldeen proposamenak", dio Mikel Ibartzabal Udaleko Festa Batzordeburuak.

"Taldeetako ordezkariak gustura azaldu ziren, eta bilera oso ondo joan zen", esan du Ibartzabalek. Iritzi berekoa da Inazio Jabier Etxaniz, Zokoa elkarteko danborradako taldearen zuzendaria ere: "Taldeak gustura gelditu gara aurten danborrada nola joan den ikusita. Egin diren aldaketa txikiak ere onak izan direla esan zen herenegungo batzarrean. San Sebastian egunean arratsaldez danborra jotzen irten zuten bi taldeak datorren urtean ere irteteko prest azaldu dira, eta beste batzuek ere agian irtetera animatuko direla esan zuten".

Barratsu taldekoak, batzarrean barkamena eskatu zuen irteera lekura berandu heldu zirelako. Ibilbidea eta denbora kontuak ere hizpide izan zituzten udaletxeko bileran. "Ibilbidean aldaketak egin edo ez, eta garaiz ibiltzeko zer egin daitekeenaz hitz egitekotan gelditu ginen. Bakoitzak bere taldean hitz egingo du, eta hurrena uztailean egingo dugun bilerara taldeek euren proposamenak ekartzekotan gelditu ginen", dio Ibartzabalek.

Talde berrientzat aukera

Ordu eta laurdeneko batzarra egin zuten, eta aurtengoaz gain, datorren urtekoaz ere hitz egin zuten. "Datorren urtean talde berriak sartzeko aukera egongo da, eta dagoeneko talde batek Izarraitz-Txoko elkarteak danborradan irteteko asmoa du. Udaberrian irekiko dugu talde berriek izena emateko epea, eta talde batek baino gehiagok irteteko asmoa azaltzen badute, danborradako elkarte guztietako ordezkarien eta Udalaren artean erabaki beharko da zer egin. Ateak inori ezin zaizkio itxi, horretan ados gaude",dio batzordeburuak. "Proposamen batzuk atera ziren bileran, baina uztailean aztertzeko gelditu ginen", gaineratu du Etxanizek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide