Ostegunean izango da azkenean Soreasu kultur guneaz Azpeitiko Udalak deitutako bilera. Herriko kultur elkarteei eta komunikabideei lehengo astearen bukaera aldera bidali zien batzarreko deialdia, eta "proiektua burututa" dagoela jakinaraziko die bileran.
Bilera 19:30ean hasiko da, Sindikatu Zaharrean. Bertan Udalak, Soreasuz xehetasunak eman ondoren, kultur mahaia eratzeko lehenengo pausoak emateko asmoa du, taldeekin eta udal ordezkariekin. Uztarria Kultur Koordinakundeak urtarrilean eskatu zion Udalari kultur taldeen mahaia behingoz osatzeko.
Horretaz gain, Soreasuko kultur gunea "osatzeko", Uztarriako taldeek 2005eko irailean bertan Kafe Antzokia sortzeko proposamena egin zioten Udalari, herriko beste hainbat eragileren babesarekin, baina Udalak oraindik ez die erantzunik eman. Aitor Gorrotxategi Udaleko Kultura batzordeburuak igandean El Diario Vasco egunkarian esan zuen Kafe Antzokiaren proposamenak "aparteko hausnarketa" merezi duela.