Ion Etxeberria azpeitiarra da jaiotzez, eta bizitzeko leku guztien artean, huraxe du nahien. Zuen galderak ere, Azpeitiko euskaraz erantzun ditu.
Zein izan da frontoian gertatu zaizun gertaera xelebreena KOXME.
Azkena pasatu zaidan xelebrekeria izan da, sakea ateratzera nijoala irrist egin eta hankaz gora erortzea. Partidua ikusten zeudenak barrez hasi ziren eta jokatzen ari ginenok ere bai. Hori pasatu zenetik broma mordoa jasan dut, baina halako gauzak umorearekin hartzen ditut.
Frontoietako giroa ondo ezagutuko duzu. Matxista al da? NEREA.
Beti lotu izan dugu frontoietako giroa gizonekin, baina pixkanaka mito hori indargabetzen ari da. Geroz eta neska gehiago animatzen da frontoietara joaten eta hori pozgarria da bai pilotazaleentzat eta bai pilotarientzat ere. Poz handia ematen du betiko gizon koadrilaz aparte, neska-mutil gazteak ikusteak. Frontoian giro berezia jartzen dute.
Zergatik ez dago neska remontistarik? NI.
Ba, beti gizonekin lotu den kirola delako. Nik neskak kirol hau probatzera animatu nahi nituzke, baina uste dut gizonen aldean desabantailak dituztela. Normalean mutilek baino indar gutxiago daukatelako eta fisikoki ahulagoak direlako, eta eskuan kilo eta erdiko erremontea ibili beharrak ahalegin handia eskatzen du. Baina ez da ezinezkoa eta benetan poztuko nintzateke neska bat erremontean jokatzen eta txapelak irabazten ikusiko banu. Neska bat harri jasotzen dabilela entzun dut, zergatik ez erremontean jokatzen
Azpeitiarra izateak ba al dauka zure arrakastarekin zerikusirik? MIREN.
Zerikusi zuzena. Alde batetik herrian daukagulako erremonterako frontoia eta lana oso ondo egiten duen eskola. Bestalde azpeitiar ezagun askok jokatu izan dute erremontean eta horrek beti animatzen zaitu probatzera. Nire kasuan anaiak eta pilotari handia izan den lagun batek animatu ninduten eta segituan engantxatu nintzen.
Kirolariok buru gutxi duzuela esaten duenari zer esango zenioke? ANDER.
Egia esan, nik ez daukat buru gehiegi ere, baina denetik dago. Arkitektura edo zuzenbide ikasketak egin dituenetik eskola graduaturik ez dutenetaraino. Ez dauka gauza batek bestearekin zer ikusirik. Nik enpresaritza ikasketak amaitu ditut.
Zer da zuretzat erremontea? AMAIA.
Niretzako, kirolaz eta espektakuluaz aparte, mila sentzazio transmititzen dizkidan modalitatea.
Remontea eta bestelako erreminta kirolei eskuzkoari baino garrantzia gutxiago ematen zaie komunikabideetan. Zer iruditzen zaizu hori? Diskriminatuta sentitzen al zarete? XABI.
Gaur egun pelota ez dago momenturik onenean. Eskuzko pelota telebistagatik dago hobeto, ze frontoietara ez da jende gehiegi joaten txapelketako partidaren bat ez bada, edo herriko jaiak ez badira. Egun, orain dela urte batzuk ez bezela, aukera asko daude eta merkatua asko zabalduta dago.
Ion zer da, pilotaria bakarrik, ala badu beste lanbiderik? Zein da zure ametsetako lanbidea? EIDER.
Momentuz pelotara bakarrik dedikatzen naiz eta gauzak ondo doazenez, beste urte batzutan pelotara jokatzeko asmoa daukat. Ezustekoren bat, lesio edo ez beharren bat izango banu, enpresaritza titulua kajoian gordeta daukat, eta hautsak kendu beharko nizkioke.
Boligrafoak osten abila haizela entzun diat. Baina zer duk nahiago, bikoteari idazten aspertu edo neskatila errukarriei bihotza osten gozatu? BIKTIMA.
Betidanik izan dugu kirolariok golfo eta neskazale fama, baina hori ez duk hala nire kasuan behintzat. Neskak asko gustatzen zaizkit baina ez neurriz kanpo. Orain arte ez diat arazoik izan neskekin, eta aurrerantzean ere horrelaxe jarraitzeko asmoa zeukeat.
Binakako finalera iritsi eta bat batean famatu egin zarela dirudi. Nola daramazu hori? PELLO.
Ez dut uste famatua naizenik. Inondik inora! Egia esan txapelketako finala jokatu genuen aste horretan komunikabideetan normalean baino gehiago azaldu ginen, baina berriz ere gauzak bere lekura etorri dira, pozten naiz..