Abenduaren 4an egin zuen Mikel Aranburu Realeko futbolariak lesioa, Santanderren, Racingen kontrako Espainiako Ligako partidan. Oriol defentsak sarrera egin zion, lehen zatian, eta, hala, belauna hautsi. Bi hilabete pasatu dira ordutik eta Aranburu baikor da, belauna "eboluzio ona" izaten ari delako.
Atzo (hilak 8) Zubietan prentsaurrekoa eman zuen, eta bertan adierazi zuen "espero baino lehenago" izango dela jokatzeko moduan. "Inoiz ez dut pentsatu lesio honengatik futbola utzi beharko nuenik". Realeko jokalariak esan zuen "ondo" dagoela, eta "espero baino sentsazio hobeak" dituela. "Duela bi hilabete baino baikorrago nago. Orain arte egin ditudan pauso guztiak aurrerakoak izan dira".
Aranburuk ez zuen zehaztu noiz bueltatuko den berriro jokatzera, baina ba ditu "data batzuk jarrita". Hala ere, "belaunak esango du hori noiz izango den".