Jostaldik urteko lehenengo garaipena lortu nahi du Plaza Berriren aurkako derbian

Jostaldi Areto Futboleko Taldea 2006ko ots. 10a, 17:02

Talde seniorrak bihar jokatuko du Azkoitiko Zubiaurre kiroldegian 17.30etatik aurrera

Herriko areto futboleko ordezkari nagusiak denboraldiko bigarren derbia jokatuko du bihar Azkoitian Plaza Berri Sporten aurka. Benetan puntu garrantzitsuak izango dira jokoan biharkoan, izan ere, IƱaki Unanuerenek ez baitute partidarik irabazi oraindik aurten (2 berdindu eta 2 galdu dituzte). Azkoitiarrek ere nahiko bolada txarra daramate azkenaldian, eta une honetan, azkenak dira sailkapenean. Hala ere, azpeitiarrak, nahiz eta azkoitiarrekiko 11 puntuko aldea eraman, ez dira fido, horrelako derbietan edozer gauza gerta baitaiteke. Lehenengo itzulian esaterako, Azpeitian jokatutako norgehiagokan, Jostaldik kostata irabazi zion Plaza Berriri 3 eta 1eko emaitzaz.

Hirugarren B Mailako Jostaldi B-ko gazteek ere ez dute partida samurra izango Donostian. Izan ere, laugarren sailkatua den Comytienda taldearen aurka lehiatuko baitira. Jostaldi B hirugarrena da sailkapenean, eta beraz, biharkoa partida garrantzitsua izango da play-off postuetarako, lehia zuzenean dauden bi talde lehiatuko baitira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide