Alaia Martin oiartzuarra izan da III. Erniarraitz Sariketako finalerako txartela lortu duen lehen bertsolaria (340,75 puntu). Haren atzetik, bigarren, Beñat Lizaso gelditu da (336,75 puntu). Ostiralean (hilak 10) jokatu zen Sariketako lehen kanporaketa Azkoitiko Kultur Etxean, giro ederrean, eta bertso politak entzuteko aukera izan zen bertan.
Lehen kanporaketan aritu ziren sei bertsolariak Aritz Etxeberria Ministro, Beñat Lizaso, Arkaitz Zelaia, Agin Rezola, Alaia Martin eta Mirari Martiarena izan ziren. Aurkezle, berriz, Idoia Alberdik jardun zuen, eta bertsolarien lana epaitu zutenak, Xabier Azpillaga, Xabier Olaizola, Manuel Agirretxe eta Josu Garate izan ziren. Antolatzaileen esanetan, "bertso politak" entzun ziren lehen kanporaketan bertsolari gazteen ahotik. Bertso saioan egin beharreko lanean "erregularrenak" Alaia Martinek eta Beñat Lizasok jardun zuten. Haritz Etxeberria Ministro-k "kolpe batzuk" ere eman zituen, bertsozaleen esanetan.
Erniarraitz Sariketako lehen jardunaldia bi ordukoa izan zen. Ehun lagunetik gora bildu ziren bertsolariak entzuteko, eta Azkoitiko Kultur Etxeko aretoa bete egin zen. Antolatzaileak gustura agertu dira jendearen harrerarekin.
Hurrengo saioa Zumaian
Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eta Zumaiako Bertso Eskolak antolatutako bertsolari gazteen sariketako hurrengo kanporaketa, bigarrena, ostiralean, otsailaren 17an, izango da, 22:00etan, Zumaiako Aita Mari aretoan.
Orduan aurkezle lanetan Jon Maia ariko da, eta bertsotan jardungo duten sei bertsolariak, berriz, honakoak izango dira: Aritz Aranburu (Zarautz), Egoitz Eizagirre (Orio), Jokin Gijarro (Zumaia), Unai Gijarro (Zumaia), Beñat Gaztelumendi (Añorga) eta Unai Muñoa (Lasarte).
III. Erniarraitz Sariketako lehen kanporaketako sailkapena:
Alaia Martin (Oiartzun) 340,75 puntu
Beñat Lizaso (Azpeitia) 336,75 puntu
Agin Rezola (Astigarraga) 330,5 puntu
Aritz Etxeberria (Azpeitia) 327,75 puntu
Mirari Martiarena (Oiartzun) 286 puntu
Arkaitz Zelaia (Bidania) 268,25 puntu