Gaur PPk Pilar Elias omenduko du, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 16a, 11:02

Maria Jose Usandizaga, Maria San Gil, Pilar Elias eta Angel Acebes, gaur, ekitaldiaren aurretik.

Angel Acebes ere etorriko da Kirurin egingo duten omenaldiko bazkarira (Urola Kostako Hitza)

Azkeneko albistea (15:00): Pilar Eliasek eskerrak eman nahi izan dizkie alderdiko kide eta lagunei

Gaur PPk, Azpeitian, Pilar Elias zinegotzi azkoitiarrari omenaldia egingo dio, 13:00etan, Kiruri jatetxean egingo duten bazkarian. Azkoitiko Udaleko PPko zinegotziaren omenaldian Angel Acebes Espainiako PPko zuzendaritzako kidea, Maria San Gil EAEko PPko lehendakaria eta Maria Jose Usandizaga Gipuzkoako PPko lehendakariak parte hartuko dute. Alderdiak adierazi duenez, omenaldian "Elias jasaten ari den egoera" salatu nahi dute.

Azkeneko albistea (15:00): Duela gutxi omendu dute Pilar Elias PPko zinegotzi azkoitiarra Kiruri jatetxean egindako ekitaldian. Bertan, Maria Jose Usandizaga, Maria San Gil eta Angel Acebes bat etorri dira Elias "amets gaizto bat" bizitzen ari dela esatean. Hala ere, Eliasek "bere herrian gelditzeko indarra eta kemena izan ditu". San Gilen hitzetan, "gaurko ekitaldia justizia egiteko ekitaldia" izan da. Ekitaldian, PPko militanteen artean, Julia Tercero Azpeitiko PPko zinegotzia zegoen.

Pilar Eliasek bere aldetik, eskerrak eman nahi izan dizkie alderdiko kide eta lagunei. "Omenaldi honek pilak kargatzeko baliko dit, etxe azpian ditudan lotsagabeen kontra borrokatzeko". Hitzaldien ondoren, lore sorta bat eta opari bat eman dizkiote.

Une hauetan, ekitaldian bildu diren PPko militante eta jarraitzaileak bazkaltzen ari dira Kirurin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide