Lapatx zabortegiaren inguruan, Errezil errekan, isuri bat antzeman zuten asteazkenean, otsailaren 15ean, eta hurrengo egunean errekan eraginak izan aurretik, isuria isolatu zuen Lapatx zabortegia kudeatzen duen Urola Erdiko Lapatx Zabortegia S.A.-k.
Oraindik ez dakite nondik sortu den isuria, edota kaltegarria ote den. Aztertzen ari dira: "Momentuan ez dira ezagutzen ez isuriaren konposizioa ezta jatorria ere, baina egoera kontrolpean dago eta arazoari irtenbidea bilatzeko zuhurtasunez eta eraginkortasunez lanean ari gara", azaldu dute Urola Erdiko Lapatx Zabortegikoek.
Burdin-uraren kolorekoa
Burdin-uraren koloreko isuria zegoela asteazkenean ohartu ziren. Eusko Jaurlaritzako Ur Saileko zaindari bat konturatu zen "ezohiko isurketaz" eta zabortegiko arduradunek aurrez prestatutako protokoloa jarri zuten martxan.
Isurketaren lagina ostegun goizean jaso eta aztertzera eraman zuten. Era berean, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen saileko arduradunak gertatutakoaz jakinaren gainean jarri zituzten.
Ostegunean bertan, Lapatx Zabortegiko, Aldundiko eta Jaurlaritzako teknikariak gertakariaren lekuan elkartu eta berehalako zein neurri hartuko zituzten adostu zuten. "Hartu den lehen neurria isuria isolatzea izan da, Errezil errekak jasan dezakeen eragina saihesteko. Neurri hau premiazkoa zela ikusita, ostegunean hartu zen. Gero isurketaren jatorria aztertzen hasi ginen eta orain horretan ari gara lanean. Behin isuriaren konposizioa eta jatorria jakiten ditugunean isuri hori ekiditeko behin betiko neurriak hartuko ditugu", azaldu zuten zabortegiko kudeatzaileek.
Isuriaren tokian, lurrarekin horma bat egin eta putzu bat sortu dute, horrela ura Errezil errekara ez baita joaten. Gainera, putzutik isurketako ura ur-ponpa batekin ateratzen ari dira.
Zabortegiko arduradunek, isuriaren berri "zehatz eta hobeto" jakin orduko azalduko dutela esan zuten.