Uztailaren 31n, Loiolako San Inazio hil zela 450 urte beteko dira. Hori dela eta, Loiolako santutegiko monumentu gunea museo bilakatuko dute, santutegia eta inguruko monumentu multzoa bilduko dituen ibilbidea osatuz. 450. urteurreneko ospakizun egitaraua ere atzo, astelehena, aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Azkoitiko eta Azpeitiko udalek eta Jesusen Lagundiak. Ekitaldiak, ekaina eta iraila bitartean izango dira eta kultura egitarauak 700.000 euroko aurrekontua izango du.
San Inazioren heriotzaren 450. urteurrenaren baitan Loiolan egitea aurreikusten denak bost ardatz izango ditu: monumentu gunea museo bilakatzea, kontzertu zikloa, liburua, Loiola, espiritualtasun zentroa egitarau erlijiosoa eta turismoa sustatzea.
Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak Loiolako gune historikoaren garrantziaz jardun zuen, "San Inazioren heriotzaren 450. urteurrena hainbat ikuspegitatik ospatuko dugu, eta bakoitzak bere ekarpena egingo du. Guk santutegia eta ingurua sustatuko ditugu, Loiolakoa Euskal Herriko eraikin barroko handiena baita". Joan Joxe Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere Loiolako santutegiaren garrantziaz jardun zuen: "Loiola sinbolo eta marka unibertsala da".
Juan Miguel Arregi Jesusen Lagundiko Loiolako Probintziako Aita Nagusiak aurten antolatu dituzten ekitaldi erlijiosoen berri eman zuen, eta Loiolak orain arte izan dituen hiru hutsune nabarmendu zituen: "Aurten Loiola sustatzen ari gara, baina orain arte gutxi sustatu da. Bestetik, basilikara sartzeko arazo fisikoak dituztenek oztopo ugari eta zailtasunak izaten dituzte eta Loiola non dagoen adierazten duten bide seinaleak ere falta dira errepideetan".
Asier Aranbarri Azkoitiko alkateak Azkoitiko eta Azpeitiko udalen eta Iraurgi Lantzenen izenean hitz egin zuen. Aldundiarekin eta Jesusen Lagundiarekin batera Loiolan egingo dituzten aparkalekuen berri eman zuen, besteak beste.
Monumentu gunea, museo
Erakusketa iraunkorra. Loiolako Santutegian, gaur egun liburutegia dagoen aldean, Jesusen Lagundiaren kultura, hezkuntza, misio eta giza ondare unibertsalaren berri emango duen erakusketa iraunkorra jarriko dute. Erakusketa hiru eremutan egongo da banatuta.
Espiritualitatearen tunela. Erakusketak, "Loiolako San Inazioren dimentsio espiritualean sakontzeko bide eman nahi duen espiritualitatearen tunela eskainiko du". Otoitz egiteko tokia izango da, "San Inazioren gogo-jardunen etapen barruan aldi batetik bestera igarotzea islatu ahal izateko, kolore, soinu eta formetan oinarritutako teknika museografikoak erabiliz osatuta dago".
Helburuak. Museo bihurtzearen helburuak dira: jaiotetxearen edukiak zabaltzea, Jesusen Lagundiaren historiaren berri ematea, santuaren ondare espiritualaren garrantzia modu erakargarri eta ulergarrian ematea eta haren espiritualtasunaren balioa eta garrantzia bultzatzea.
Kontzertu zikloa
Egitaraua. Loiolako Inazio, bere garaia, bere legatua eta bere musika izenburupean izango da. Loiolako basilikan izango dira musika emanaldiak uztailean, abuztuan eta irailean.
-Uztaila. Hilaren 1ean, Capilla Peñafloridaren kontzertua. Zuzendari: Josep Cabré ariko da. Juan Antxietaren Missa Rex Virginum et Motecta eta Gonzalo Martinez de Bizkargiren Salve Regina. Uztailaren 8an, XVIII-21en kontzertua eta Jean Christoph Frish eta 15ean Esteban Elizondo organu-jotzailearen kontzertua.
-Abuztuak 5. Compañia Musical ariko da, Josep Cabré zuzendari dela.
-Irailak 2. Carlos Mena kontratenorra eta Juan Calos Rivera lauteak abestuko dute.
Liburua
Santutegiari buruzkoa. Loiolako santutegiari buruzko liburua aterako dute, aurten. "Kalitate handiko eta koadernaketa bereziko liburua izango da, arte eta arkitekturako adituek idatzitako argitaratu gabeko testuen aukeraketa eta monumentu-multzoaren argazkia bilduko ditu". Lau hizkuntzatan argitaratuko dute: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.
Espiritualtasun zentroa
Erlijio ospakizunak. Aurten Loiolako San Inazio hil zeneko 450. urteurrenarekin batera, Nafarroan Xabierko San Frantziskoren jaiotzaren bosgarren mendeurrena ospatuko dute eta Saboian (Italian) Pedro Fabrorena. Jesusen Lagundiak jubileo hirukoitz hori ospatuko du aurten. "Jainkoaren fedean sakondu eta hausnartzeko deia eginez eta Inazioren ordenak fedearekin, justiziarekin eta kultura eta erlijioen arteko elkarrizketarekin gaur egun duen konpromisoari eutsiz. Elkarrizketa hori gizarte osoari zabaldu nahi zaio eta laikoen partaidetza jaso nahi da", diote Lagundikoek.
Egitaraua. Erlijio eta hausnarketarako ekitaldiak hauek dira:
-Uztaila. Uztailareb 22an, Jon Sobrinoren hitzaldia, Nola izan kristoren jarraitzaile gaur egun. Bederatziurrena, hilaren 28, 29 eta 30ean. 31n, eukaristia, Juantayokoko (Peru) apezpikuak, Barreto jesuitak eta Jesusen Lagundiko Europako aita probintzialek emanda.
-Abuztua. Hilaren 1ean, eukaristia, Donostiako, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baionako elizbarrutietako gotzainek elkarrekin emango dute. Hilaren 20tik 26ra, gogo-jardunei buruzko mundu biltzarra.
-Iraila. Irailaren 3an, eukaristia Etxegarai kardinaleak emanda.
Turismoa sustatzeko
Turismo bulegoa. Loiolara iristen diren bisitariak Gipuzkoa osora bideratzeko Loiolako santutegian turismoko eskualdeko bulegoa zabalduko dute.
100.000 bisitari. Loiolako santutegiak urtero 100.000 bisitari hartzen ditu, horietatik %85 Euskal Herritik kanpokoak dira. "Askotan Loiola izaten da ezagutzen duten lehen tokia".
Sustapena. Turismo azoketako erakustokietan Loiola sustatuko du Eusko Jaurlaritzak. Euskarri grafiko bat ere argitaratuko dute eta atzerrira gutunak bidaliko dituzte.
Bi aparkaleku. Loiolako santutegiaren inguruan ibilgailuentzako bi aparkaleku egingo dituzte. Bestetik, santutegirako bideak hobetuko dira eta lorategiak txukunduko. Guztira, milioi bat euro inbertituko ditu.