Udalak forma desegokiak erabili ditu Soreasun eta desaktibatu egin du taldeen parte-hartzea

Uztarria Kultur Koordinakundea 2006ko ots. 23a, 20:02

Uztarria Kultur Koordinakundeko zuzendaritzakoak, gaur, agerraldian.

Garbi geratu da Azpeitian Kafe Antzokiaren beharra dagoela

Azpeitiko Udalak otsailaren 9an herriko kultur taldeekin bilera egin zuen, Soreasuko gunea aurkezteko. Uztarria Kultur Koordinakundeko zuzendaritzakoak eta taldeetako kideak bertan izan ginen, eta bilera horrek eta Soreasuko prozesuak eman duena baloratzera gatoz gaur Uztarriako kideok.

Ez da Uztarria komunikabideen aurrean agerraldi asko egiten dituen elkartea, eta egiten ditugunak betiere positiboak izan dira: aurkezpenak, ohorezko bazkide izendapenak, proposamenak, ekarpenak... Gaur, aldiz, Udalak Soreasu kultur guneko prozesuan zehar izan duen jarrera kritikatu behar dugu batik bat. Uztarria aspalditik ari da arlo honetan lanean, prozesua luzea izan da, eta ez zaigu bidezkoa iruditu Udalak egin duena. Gauzak horrela, iritzia ematera behartuta sentitu gara.

Hiru gai ukitu nahi ditugu:
- 1. Udalaren formak.
- 2. Herrian Kafe Antzokiaren beharra dago.
- 3. Aurrera begira, bermeak behar ditugu.

1. UDALAREN FORMAK, DESEGOKIAK

Justu otsailaren 9an gertatu zena baloratu aurretik, pixka bat atzera egin nahi dugu, denok ere gaiaren inguruan ahal den ondoen koka gaitezen.

2006an gaude eta Azpeitian oraindik kultur azpiegituren gaian gutxienekoen azpitik gabiltza. Kultur etxerik ere ez dugu. 1984-87 legealdian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Kultur Ekipamenduen Programa'-ren arabera, Azpeitiko Udalak Basazabal Jauregian kultur etxea irekitzeko asmoa azaldu zuen. Baina ezer ez.

1998an irten zuen azpiegituren gaiak berriro mahai gainera, martxoan herriko taldeek Uztarria Kultur Koordinakundea sortu zutenean. Geroago, hilabeteetan informatzen, hausnartzen eta eztabaidatzen egon ondoren, 1999ko martxoan kultur azpiegiturei buruzko txosten mardula aurkeztu genuen:
- Herriko taldeen erradiografia egin genuen.
- Kultur etxearen beharra azpimarratu genuen, eta proposamen zehatza: Basazabalen kultur etxea irekitzea.
- Kultur etxearen izaera eta funtzionamendua ere proposatu genituen.

Beraz, Uztarriak 1999an oinarriak jarri zituen. Eta harrezkero gertatu den guztia, batez ere hortik abiatuta gertatu da: Udalak aginduta IKEI eta Siadeco enpresek azterketak egin zituzten, Udalak Basazabalen kultur etxea irekiko zuela esan zien taldeei, Uztarriak anbizio handiagoa erakutsi eta kultur gune propioa irekitzeko pausoak eman zituen 2003tik, Udalak Basazabal baztertu eta Soreasun kultur gunea egiteko ideia aurkeztu zuen 2004an...

Hori horrela gertatu da, eta horren adierazgarri garbiagoa da 1984tik gaur egun arte kultur azpiegituren arloan egina dugun kronologia

Zer gertatu da 2004tik?

  • Uztarria, Udaleko prozeduran sartu zen. Uztarria Kultur Koordinakundeko talde denen ustez, Udalak Soreasurako egin nahi duena ideia ona zen hasieratik. Hala, Udalak deitutako bileretara azaltzen hasi ginen, nolabait kultur gune propioa irekitzeko aurre-proiektua kaxoian sartuz. Udalak 2005eko irailean Soreasuko proiektua hautatu eta esan zuen irailaren 30ean bukatuko zela emendakinak aurkezteko epea (egia esan, herriko taldeei ez zien jakinarazi gutun ofizialez halakorik). Gaia garrantzitsua zenez, koordinakundeko bilerak egin eta Soreasu kultur gunea osatzeko —eta berriro diogu: osatzeko—, bertan Kafe Antzokia egitea proposatu zuten Uztarriako talde denek, herriko beste elkarte garrantzitsu batzuen babesarekin.
  • Erantzunik ez Udalak. Udaletxean emendakina sartzeaz gain, Uztarriako bazkideen berripapera atera genuen urrian (1.036 ale). Udaleko alderdi denei aurkeztu eta eman genien gure asmoa, komunikabideetan horren berri eman genuen, eta herrian beste hainbat eragileri ere banatu genien. Udalaren deiaren zain geratu ginen, emendakinaz hitz egiteko. 132 egunera jakin genuen zein zen Udalaren erantzuna Soreasuko Kafe Antzokiaz, berak otsailaren 9an antolatu zuen bilera zabalean. Erantzuna: ezta aipatu ere beraien proposamenean. Iritzia zehatz eskatutakoan eman zuen alkateak bere erantzuna, ez zutela aintzat hartzen gure proposamena Soreasuri begira. Formei dagokienez, bistan da Udalak forma desegokiak erabili dituela.
  • Parte-hartzea desaktibatu du. Udalaren formak desegokiak izateaz gain, parte-hartzea desaktibatu egin du. Parte-hartzea ez da taldeak deitu eta haiei esatea halako talde halako gelatan egongo dela, bestea halakotan... Parte-hartzea, denon iritziak entzutea eta kontuan hartzea da. Baina Soreasuko kasuan, ez gelak nola banatu erabakitzeko, kultur gunea nola eraiki erabakitzeko baizik. Udalak berak 2004ko apirilean Soreasuz bilera zabala antolatu eta zera esan zuen: "Sortu nahi dugun Soreasuk, denon onarpena eta oniritzia izan behar du, azpeitiar guztientzat izango den gunea denon artean eraiki behar da". Uztarriako taldeak eta Kafe Antzokiaren proposamenaren alde azaldu diren taldeak, Udalak jarritako prozeduran sartu dira —bilerak, emendakinak…— baina Udalak ez du proposamena kontuan hartu. Hori, parte-hartzea desaktibatzea da. Beraiek erabakitakoaren entzule huts nahi gaituzte. Zertarako egin ditugu bilerak? Zertarako sartu emendakina, gero ez bada hitz egin ere horretaz?
  • Udalak bere proiektu izarra aurrera atera du. Kulturaren arloan, legealdi honetan Soreasukoa da udal gobernu honen proiektu izarra, eta garbi azaldu da: asmo bat zeukan Soreasurako eta komarik aldatu gabe, auzotarren kexak eragindakoa izan ezik, aurrera atera du. Bost inporta izan zaio hainbesteko babesa zeukan proposamena bazterrean uztea. Bere posizio instituzionala ez zuen nahi inork ukitzerik eta, jarrera atzerakoi horrekin, aurrera atera du Soreasu, aldaketarik egin gabe. Itxura irekia eman nahi izan dio, baina oso itxi agertu da.

Hori da gertatu dena. Eta formek eta jarrerek asko kezkatzen gaituzte.

2. HERRIAN KAFE ANTZOKIAREN BEHARRA DAGO

Aldi berean, bi gauza esan nahi ditugu:

  • Aurrerapausoa da Soreasu kultur gunea; hobetu daiteke. Orain arte prekarietate handian egon gara kultur azpiegituren arloan, eta orain Soreasun egin nahi dena aurrerapausoa da gure ustez ere. Baina, antolatuta dagoen bezala egonda, kezka dugu: zer mugimendu sor daiteke?; zenbateraino izango da erreferentzia?... Horregatik proposatu genuen Kafe Antzokia bertarako: hura osatzeko eta guneari bizi handiagoa emateko.
  • Kafe Antzokia behar da. Udalak baztertu egin du gure proposamena, baina Azpeitian oso-oso garbi geratu da kultur mugimenduak herrian Kafe Antzoki baten beharra ikusten duela eta herrian Kafe Antzokia sortu egin behar dela. Kultur azpiegiturak osatuko lituzke.

3. AURRERA BEGIRA, BERMEA BEHAR DUGU

Beraz, Uztarriak Kafe Antzokiaren alde lanean segituko du. Espero dugu Udalak bazterrean ez uztea eskaera eta behar hori, eta baliabideak jartzea.

Ikusiko dugu zer aukera sortzen diren herrian Kafe Antzokia sortzeko. Adibidez, hor dago —eta Soresuko aukeran Udalak atzera egiten ez badu, dirudien bezala—, Uztarriaren kultur gunearen gaia berriro ateratzeko aukera.

Hori bai: Udalak zerbait eskaintzeko asmoa badu, garbi duguna da ez garela sartuko Soreasun egon den dinamikan. Bermea, garantia behar dugu: herriko kultur taldeak batzorde eragilean sartu, informazio osoa eduki hasieratik eta beti, taldeen iritziak kontuan hartuko direla bermatu, taldeek erabakiguneetan parte hartu... Bestela, Udalak ez dezala gurekin kontatu itxurakeri baterako. Bermeak baldin badaude, aldiz, gogoz eta ilusioz sartuko gara.

----

Besterik gabe, 2006ko otsailaren 23an, adeitasunez, Uztarria Kultur Koordinakundea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide