Martxoak 9: Azpeitia osoa ere kalera!

LAB sindikatua 2006ko mar. 7a, 20:03

Espainiar Gobernuaren espetxe politikak bi euskal preso politiko erail ditu azken egunotan: Igor eta Roberto. Azken hau LAB sindikatuaren delegatua eta liberatua zen Osakidetzan eta prebentibo moduan zegoen duela ia hiru urte.

Hauek ez dira ezbeharrak izan, ez dira kasualitatezko gertakariak, ezta zerbait ekidin ezina. Diseinatutako heriotzak izan dira, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika bezalaxe: dispertsioa, isolamendua, muturreko bizi egoerak, komunikaziorako eragozpenak, osasun baldintza kaskar eta urriak... presoen eta senitartekoen kontrako politika arbitrario hori, mendeku eta zigor politika horixe da Igor eta Robertoren heriotzak eragin dituena.

Espainiar Gobernuak xantai eta presio politikorako erabiltzen duen tresna da suntsipen eta sarraski espetxe politika hau. Izan ere, heriotza hauek testuinguru politiko oso zehatzean gertatu dira, ezker abertzaleak negoziazio eta konponbide politikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duen momentuan, hain zuzen.

PNV eta Ertzaintzaren probokazioek areagotu duten egoera larri honen aurrean, ezinbestekoa da lasaitasunez baina indartsu erantzutea. Dispertsioaren amaiera hamaika bider eta hamaika moduz salatu dugu; hala ere, bi heriotza hauen moduko gertaera latz eta gogorren aurrean eta Espainiar Gobernuaren jokabidea ikusita, beharrezkoa da dispertsioaren aurkako eta konponbide politikoen aldeko aurrerapausoa egitea.

Horregatik, LABek greba eta mobilizazio eguna deitu du martxoaren 9rako, eskualde eta herri guztietan eta, jakina, Azpeitian ere bai. Egun honetan esan behar dugu nahikoa dela. Konponbide demokratikoen prozesuari baietz esan behar diogu.

Aurrera egin eta konponbide prozesua blindatzea beharrezkoa da, jendartearen protagonismoan oinarrituta eta probokazio zein xantaiei erantzunda. Martxoaren 9an Igor eta Robertoren erailketei erantzun behar diegu, dispertsio politika behingoz amaitzeko aldarrikatu behar dugu eta, era berean, konponbide prozesuaren aldeko konpromisoa eta exijentzia kaleratu behar ditugu.

Igor eta Robertori egin ahal diegun omenaldirik onena Euskal Herriaren borondatea errespetatuko duen konponbide politiko prozesurantz eta bakerantz aurrera egitea da.

DISPERSIORIK EZ
KONPONKETA DEMOKRATIKOAREN ALDE

AZPEITIA OSOAN ERE DENOK KALERA!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide