Larunbatean hasiko dira Loiolako festak

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 16a, 18:03

Mendi bizikletan hamar eta korrika lau kilometro egin beharko dituzte (Urola Kostako Hitza)

Loiolako sanjoseak Biatloiarekin hasiko dira larunbatean, martxoaren 18an, arratsaldean. Aurten bosgarren aldiz jokatuko da bizikletako eta lasterkako proba.

San Jose Sari Nagusia Biatloia 16:30ean hasiko da, lehen Loiolatxo Elkartea zegoen tokitik. Lasterketan parte hartzeko izena bertan eman behar da 16:00etatik aurrera. Proban izena ematea 6 euro kostako da, eta bakoitzari elastiko bana oparituko diote.

Ibilbide ederra prestatu dutela-eta antolatzaile taldean dabilen IƱigo Arregik jendea animatu nahi du bertan parte hartzera: "Lasterketan giro polita sortzen da eta ondoren parte hartzaile guztientzako merienda prestatuko dugu, sagardo eta guzti". Kirolariek mendi bizikletan hamar kilometro eta lasterka lau kilometro egin beharko dituzte.

Bederatzi-hamar lagun elkartzen dira Loiolako San Jose festak antolatzeko. "Asteazkenetan elkartzen gara festak antolatzeko, eta lanak denen artean banatzen ditugu. Festa egunetan ere lanean jardun behar izaten dugu", dio Arregik.

Festak antolatzeko Udalaren eta tabernen laguntza jasotzen dute, eta zozketako txartelak ere saltzen dituzte. "Ia milioi bat pezeta [ia 6.000 euro] kostatzen zaigu jaiak antolatzea. Diru horrekin moldatu behar izaten dugu jaiak antolatzeko, aurrekontuak gehiagorako ez digulako ematen". Gaur egun auzoetako jaiei eusteko "lan asko" egin beharra dagoela diote loiolatarrek.

Aurten, lehenengo aldiz, zezen txikiak eta pottokak ekarriko dituzte Loiolara, eta herri kirol jaialdira ere "onenak" ekartzen saiatu dira. "Jaialdi bikaina antolatu nahi izan dugu", diote antolatzaileek.

Egitaraua

Martxoak 18, larunbata
16:00etan. Biatloirako izena emateko ordua.
16:30ean. Biatloiaren hasiera.

Martxoak 19, igandea
12:00etan. Zezen txikiak eta pottokak.
13:00etan. Asto lasterketa.
17:30ean. Herri kirolak. Harrijasotzen: Goenatxo II.a eta Aimar Irigoien. Aizkoran: Miel Mindegia eta Angel Arrospide. Egurrola eta Berastegiren trikitiak alaituta.

Martxoak 25, larunbata
21:00etan. Loiolatarren afaria eta Elustondo anai-arrebekin erromeria. Loiolatxo Elkartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide