Herri orekatua eraikitzeko garaia da

IƱaki Errazkin (Habeako hautetsia) 2006ko mar. 24a, 11:03

Datozen urtetara begirako proiektuak aztertzen ari da Azpeitiko Udala; Habeako hautetsiak bere iritzia eman du gai honen inguruan

Datozen 10-15 urtetara begirako proiektuak aztertzen ari da Azpeitiko Udala. Herriak izan behar duen garapena adostu eta arau ordezkatzaileen bitartez definitzen da hau guztia. Arau hauetan herriko antolaketa zehazten da eta datozen urteetan egin nahi diren aldaketak aurreikusten dira.

Honek esan nahi du herriaren etorkizuna eztabaidan dagoela eta zein modutara eraikiko den arautuko dela. Guretzat oso garrantzitsua izan da beti herrian egin beharreko inbertsioak plan orokor baten baitan egitea. Hau da, jakitea eta adostea zein herri eredu lantzen ari garen eta horren arabera burutzea egin beharreko aldaketa partzialak. Legegintzaldi berria abiatu genuenetik etengabe eskatu izan dugu abiatzeko eztabaida orokor hori baina orain arte gure bazterketa kudeatzen duen PNV-EA koalizioak aldaketa partzialak burutzea nahiago izan du. Halere, iritsi da momentua non herriaren mapa orokor batetaz hitzegingo den eta herri eredu desberdinak agerian geratu beharko diren.

Arazo batekin topatzen gara baina prozesu honetan. Herri baten etorkizuna, antolamendua, izaera erabakitzea planteatzen bada, herritarrek zer parte hartze eduki behar dute prozesu honetan? Gure ustez, alderdi bakoitzak bere proposamenak egin behar baditu ere, herriko beste talde, sektore zein herritar bakoitzak ere eskubidea du eztabaida honetan parte hartzeko. Erabaki hauek zuzenean eragingo die, ondorioen protagonista zuzenak izango dira, bere lan eremuen ezagutza dute. Beraz, nolatan utzi genitzazke eztabaidatik kanpo?

Etxebizitzak, industria guneak, zerbitzu guneak, azpiegiturak, ekipamendu publikoak, aisialdi eremuak, parkeak, garraiobideak, eta beste hainbat gai jorratzen dira arau ordezkatzaileetan. Ez da auntzaren gauerdiko estula hemen erabakiko dena. Horregatik Habeak gai honi serioski heltzeko konpromiso garbia hartu du. Lehenik eta behin, alkateari eskatu diogu eztabaida herriratu dezala eta horretarako formula bat ere eskaini diogu. Eskualdeko hainbat herritan egin den moduan batzar publikoak deitzea udalean aztertzen ari den proposamena aurkezteko eta ondoren eritziak jasotzeko. Eztabaida hauek gero arloka eman daitezke eta ondorioak atera. Desadostasunak sortzen badira Udalak kudeatu beharko du korapiloak askatzeko eman beharreko prozesua. Ez zaio eduki behar beldurrik herritarren eritziari. Herritarrak, lau urtean behin bozka emateko baina zerbait gehiagotarako gai badira, bagera.

Habean, arauen inguruko azterketa bat egiten ari gara eta Azpeitia ezkerretik eraikitzeko bide horretan hainbat proposamen aztertzen ari gara. Gure ustez, herria garatzeko gakoa behar desberdinen arteko oreka ematean datza. Etxebizitza beharrak, industria beharrak, aisialdi beharrak, ekologia beharra, nekazaritza beharrak, behar guztiak hartu behar dira kontutan, beti ere gizarte beharrak lehentasun izanda. Hau guztia aurrera eramateko herri orekatua behar dugu, datozen belaunaldiei ere garatu ahal izateko eremuak utziz.

Zentzu horretan, arauen zirriborroan jasotako proiektu hoiek ez dute oreka hori bultzatzen. Urbanizazio proiektu ikaragarriak, azpiegitura erraldoiak gure etorkizuna hipotekatzeko bide bezala ikusten ditugu. Proiektu neoliberala ikusten dugu honen atzean. Hainbat sektore ekonomikoen interesak asetzeko proiektuak agertzen dira eta hazkuntza handi horren azpian Azkoiti-Azpeiti hirigune bat osatzeko asmoa antzematen dugu. Iraurgi berri bat herri izaeren galbidean.

Guk hazkuntza orekatu bat bultzatu nahi dugu. Herri izaera mantenduz, datozen belaunaldiei ere garapenerako aukerak emango dizkiena. Garapen aurrerakoia eta ez garapen jasangarria. Garapena ez da jasaten egoteko, beharrak asetu eta lurraldeaz gozatzeko baizik. Hau izango da gure oinarria proposamenak luzatzerakoan. Horretarako burutuko dugu larunbat honetan herri batzarra. Datozen 10-15 urteetara begirako oinarriak jarri nahi ditugulako. Azpeitia ezkerretik eraikitzea nahi duzuen denoi gonbidapen berezi bat egin gabe ez nuke amaitu nahi. Asko dugulako jokoan, zuk ere herri honen etorkizuna erabakitzeko eskubidea bait duzu. Euskal Herrikoa eta Azpeitikoa.

Agur bero bat su-etenaren egun berezi hauetan Xegu (gose greban) eta Jabi (Mitardean zigortua) Azpeitiko preso politikoei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide