Jared Asmeron eritrearra izan da gaur Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiko irabazlea, 01:03:03 denborarekin. Bigarren, Mathew Kipkoirek (01:03:17) egin du eta hirugarren Wilson Chebetek (01:04:07). Laugarren, Ivan Galan (01:04:37) izan da. William Rotich zen lasterketa irabazteko faborito nagusia, baina honek seigarren egin du (01:05:28).
Maratoi erdiko denbora hobetu nahi zuten antolatzaileek XIII. edizio honetan, baina atletek ez dute hautsi, bero handia egin duelako.
Emakumeetan aurrena Margaret Karie izan da (01:14:09). Honek ere marka hobetzeko asmoarekin irten du, baina ezinezkoa egin zaio. Azken unean Yesenia Centeno eta Teresa Pulidoren bajak izan dira.
Maratoi erdian, hala ere, lortu da errekorrik, partaidetza marka izan delako: 1.133 lasterkarik parte hartu dute. Orain arteko marka 1.124koa zen, iaz lortua.
Lehen azpeitiarra Enekoitz Aizpuru izan da (01:13:02); 20. postuan bukatu du, Josu Arregi azkoitiarrarekin batera (01:13:02). Xabin Aranagak 28. egin du, 01:15:11 denborarekin.