Joseba Segurolak baraualdia utzi du

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 30a, 10:03

Hogei egun iraun duen baraualdian hamar kilo galdu ditu

Ostiralean, autobusa aterako da Azpeititik Segurola eta Jabi Agirre dauden kartzeletara (Urola Kostako Hitza)

Joseba Segurola Xegu presoak hogei egun gose greban egin ondoren, jateari ekin dio. Hamar kilo galdu ditu. Segurola Frantzian dago preso, Belgikako mugatik gertu den Douaiko kartzelan.

Preso azpeitiarrak martxoaren 4an ekin zion gose grebari, eta ostegunean bertan behera uztea erabaki zuen. Bakartuta edo isolatuta zeukatelako protestaldiari ekitea erabaki zuen. "Douaiko kartzelan isolatu egin dute. Han dagoen euskal preso politiko bakarra da, eta herritik mila kilometrotik gora dagoen espetxe horretara urrundu dute", diote Etxeratekoek.

Jabier Agirre presoa, berriz, oraindik ere zigor ziegan daukate Frantziako Moulinseko espetxean. Mediku asistentziarik gabe dago, eta haren senideek azaldu dutenez, "ikusmenean eragin larriak izaten ari da".

Kartzelatara martxa

Ostiralean, Etxeratek deitutako maindire ilararen ondoren, autobusa aterako da Azpeititik Segurola eta Agirre dauden kartzeletara.

Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean hilaren azken ostiraletan maindire ilara egiten du Etxeratek, 19:00etan, saihesbidean. Ekitaldia bukatu ondoren, saihesbidetik bertatik autobusa aterako da Frantziako bi kartzela horietara. Aurrena Douaira joango da, eta handik, etxerako bueltan, Moulinsera joango da. Kartzeletara egingo den martxan izena emateko Orkatzen zerrenda jarri dute.

Beste azpeitiar presoak, deportatuak eta iheslaria:

-Juan Carlos Arruti Paterra (Puerto Santa Marian preso, 1.132 kilometrora. Espainia).
-Xabier Etxeberria Txapi (Mureten preso, 349 km-ra. Frantzia).
-Gotzon Aranburu (Villenan preso, 760 km-ra. Herrialde Katalanak).
-Maider Egiguren (Coruñan preso, 665 km-ra. Galizia).
-Juan Manuel Bereziartua Pakea (Venezuelan deportatuta).
-Maria Angeles Artola (Venezuelan deportatuta).
-Iñaki Etxarte (Kuban deportatuta).
-Iker Iparragirre (iheslaria).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide