Aitor Priya: "Xakean jokatzen dakiten denak animatu nahi ditut parte-hartzera"

Uztarria 2006ko mar. 30a, 20:03

Aitor Priya Beitia, txapelketaren antolatzailea.

Azpeitiko Xake Txapelketa Herrikoia antolatu du Aitor Priyak iganderako (apirilak 2)

Azpeitian xakea sustatzea du helburu, "egunen batean talde bat osatzeko".

Aitor Priyak kartelak jarri ditu herrian: jai honetan, hilak 2, Xake Txapelketa herrikoia. Pozik eta bixkor erantzun die hori dela-eta egin dizkiogun galderei.

Azpeitiko Xake Txapelketa herrikoia antolatu duzu, Aitor. Zer dela-eta?

Bi helburu izan ditut hau antolatzerakoan. Batetik, neuri asko gustatzen zait xakean jokatzea, eta herrian ere jokatu nahi nuen, kanpora joan beharrik gabe. Bestalde, Azpeitian xakea sustatu nahi dut, jendea animatu kirol (hau kirola baita) hau praktikatzera. Ea, egunen batean, talde bat osatzen dugun azkoitiarrei irabazteko (kar-kar).

Zer moduz antolaketa? Bakarrik ari al zara lan honetan?

Antolaketa oso ondo doa. Bakarrik ari naiz bai, baina atzetik laguntza ederra daukat guzti hau aurrera ateratzeko: Anaitasuna-Kakute Xake taldea, Aitonena taberna, udaletxea...

Zenbat jende espero duzu?

Ez naiz gai galdera honi erantzuteko. Nola "prezedenterik" ez dagoen, ez da erraza galdera honi erantzutea. Nik 20 bat pertsonentzat antolatu dut "festa", baina baliteke gehiago ere izatea, Internetez ere promozionatu dudalako txapelketa.

Herritarrak bakarrik ala kanpokoek ere hartuko dute parte?

Nahiz eta txapelketa "herrikoia" izan, edonork hartu ahal du parte (heldu, gazte, azpeitiar, kanpotar...). Bakoitzak bere txapelketa propioa jokatuko du; bakoitzak bere helburuak izango ditu torneoan.

Jende "ona", xakelari aditurik espero al duzue?

Bai, badakigu bat edo beste oso ondo jokatzen dutenak hemen izengo direla. Baina, igandean txapelketa honetan parte hartuko dugun gehienok "nivel cafetero" deritzogun nibelekoak gara.

Baina, ba al dago ba Azpeitian xake ohiturarik?

Jakin badakit jendeak jokatzen duela. Baina, gutxi gara kanpoan jokatzera animatzen garenak. Txapelketa honen beste helburu bat horixe da, ikustea zenbat azpeitiarrei gustatzen zaien konpetizioa.

Anaitasuna-Kakute Xake Taldearen laguntza izan duzu. Han bai, Azkoitian bai, ohitura gehiago dago.

Bai, Azkoitian beste era batera dago antolatuta: federatuak, presidenteak, lokal elegante bat, primerako materiala (tablero, pieza eta erlojuak) eta gainera 2 talde ditu, bata lehen mailan eta bestea hirugarren mailan.

Zeuk ere han jokatzen duzu, ezta?

Bai, Azkoitiko klubean jokatzen dut eta badira beste 3 azpeitiar ere klubean; Miryam Uranga (oso fuerte dator neska hau), Igor (Lute) eta IƱaki Uranga.

Torneo suitzarra. Esplikatuko zer den hori? Nola erabakitzen da zeinek zeinen kontra jokatu?

Bueno, lehenik eta behin, aipatu nahi dut epaile profesional bat ekarriko dudala txapelketa hau arbitratzera, bere ordenagailu, programa eta guzti. Epaile internazionala da, eta bere esku egongo gara igandeko txapelketan.

Eta, galderari erantzunez. Suitzar torneoa oso interesgarria da. Jokalari guztiek 10 minutuko 7 partida jokatuko dituzte, eta beti nibel berdintsua duten pertsonen aurka jokatuko du. Adibidez, 2 partida jokatu eta biak gladu dituen batek, beste 2 partida jokatu eta biak galdu dituen baten aurka jokatuko du. Edo, norbaitek bat irabazi eta 1 galdu badu, antzeko egoeran dagoen beste baten aurka.

11etan hasiko da; 7 partida 10 minutuko... 14:00ak alderako bukatuta edo berandu bazkalduko duzue egun hortan?

Ez, lasai, garaiz bazkalduko dugu. 13:00ak aldera amaituko da txapelketa. Txapelketa 11:00etan hasiko da, baina izen-ematea 10:30etan izango da. 11:00etan etortzen denak ez du jokatzerik izango, bikote guztiak eginda egongo baitira eta izen-ematea itxita.

Sari politak lortu dituzu lehen aldi honetarako.

Bai, gustora nago udaletxearen babesarekin. Aurrekaririk ez dago, eta halere 500 euro eman dizkit hau antolatzeko eta 15 kopa ere bai. 400 euro sarietan banatukok ditut, eta beste 100 euroak, kartelak atera eta epaileari ordaintzeko izango dira.

Igande goizez lo egin edo eguraldi ederra aprobetxatu beharrean, Aitonenan sartu eta burua nekatzera. Zer du ba xakeak?

Ederra galdera... Neuri ere gustatzen zait lo egitea, eh? Baina, xakean jokatzen dugunok, badakigu hau ez dela denbora galtze bat, beste era batera ikusi behar da. Xake partida bat gerra bat bezalakoxea da, bataila txikiak irabazteko bakoitzaren estrategiak bakarrik balio du, eta estrategia hauek ongi aterako diren ala ez jakitea gustatzen zaigu guri. Lagunari adarra jotzeko-eta (kar-kar).

Lagun artean edo etxean soilik aritzen den batek, parte-hartu al lezake ridikuloa egiteko beldurrik gabe?

Bai horixe, hori da helburu nagusia-eta! Geure artean ondo pasa, parre batzuk egin eta goiz pasa diferente bat bota. Hasarratu gabe, eh?

Eta ikustera joan al daiteke?

Baita ere. Ez dago problemarik partidak ikusteko. Baina, xakean jokatzen badakizu, ez etorri ikustera; etorri jokatzera. Oso esperientzia polita izango da. Gehienek ez dute inoiz erlojuarekin jokatu, eta saltsa polita egongo da.

Azpeitiko Xake Txapelketa Herrikoia

  • Noiz: apirilak 2, igandea
  • Ordua: 11:00etan hasita; izen-ematea, 10:30etan.
  • Non: Aitonena I
  • Joku mota: Torneo suitzarra (10 minutuko 7 partida)
  • Epaile profesionala
  • Txapelketako zuzendaria Txelu (Anaitasuna Kakuteko lehendakaria)
  • Sari orokorrak:
  1. 70 euro + garaikurra
  2. 50 euro + garaikurra
  • Sariak, azpeitiarrak:
  1. 40 euro + garaikurra
  2. 30 euro + garaikurra
  3. 20 euro + garaikurra
  • Sariak neskak:
  1. 30 euro + garaikurra
  2. 15 euro + garaikurra
  • Sariak: 1750 Elo azpikoak
  1. 30 euro + garaikurra
  2. 20 euro + garaikurra
  • Sariak: Elorik gabekoak
  1. 30 euro + garaikurra
  2. 15 euro + garaikurra
  • Sariak: 14 urte azpikoako
  1. Lehenengoari garaikurra
  2. 14 urte azpiko lehenengo azpeitiarrari garaikurra
  • Babeslea: Azpeitiko Udala
  • Laguntzailea: Anaitasuna-Kakute Xake Taldea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide