Zortzi urtez lantzen jardun ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Kosta eskualdeari dagokion Lurraldearen Zatiko Plana onartu du. Asteazkenean aurkeztu zituzten etorkizunean eskualdea garatzeko balioko duten ardatz nagusiak.
Urola Kostako eskualderako egin duten Lurraldearen Zatiko Planean helburu nagusi bat finkatu dute: "Kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka lortzea". Izan ere, "kostaldean gehiago pilatu da biztanlegoa". Oinarrizkotzat jotzen dute eskualdeko 11 herrien "nortasuna eta jarduerak sendotzea". Horretarako 50 "jarduera estrategiko" jaso dituzte.
Babestu beharreko eremuak.
- Natura 2000 Sarearen barnean: Ernio-Gatzume, Izarraitz.
Azpiegiturak
Trena
Urolako tren zaharrak egiten zuen ibilbidean, "trenbidea osorik berreskuratzea espero" dute. Eusko Trenen plan estrategikoak Zumaiatik Azpeitiara egitea jasotzen duela adierazi zuen Azkoitiak. "Plan honek hori egitea ahalbideratzen du, eta azpiegitura horren aldeko erakunde publikoen babesa berresten du".
Errepideak
- Trenari buruzko egitasmoez gain, errepideen inguruko asmoak ere jakinarazi zituzten. "Sare hierarkizatua finkatu" nahi dute. Foru Aldundia dagoeneko garatzen ari da Zarautz eta Azpeitia arteko bideari buruzko Plan Integrala, Zarauztik abiatuta, Meagasen barrena, Iraetatik Azpeitiara doan bidea aztertuz. Plan horrek Udalak orientatzea du helburua, "ikuspegi orokorrago bat eduki dezaten, osoago bat. Maila horretan bideak eta arrastoak ematen saiatuko da Plan Integral hori.
- Zestoa eta Azpeitia arteko errepidea hobetu.
- Azpeitiko saihesbidearen hegoaldeko jarraipena egin.
Herriguneak
Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko arduradunek biztanleei buruzko aurreikuspenak egin dituzte. 2018. urtean Urola Kosta eskualdean 75.000 biztanle egotea aurreikusi dute. Gaur egun, 66.500 pertsona bizi dira bertan.
Lurraldearen Zatiko Planean aurreikuspen horri begira eratu da, eta "herrigune garrantzitsuak finkatzea eta indartzea espero dugu". Bestalde, "zaharkiturik geratzen ari diren eremuak eraberritzea eta hutsik dauden hiriguneak betetzea" ere aipatu dituzte helburuen artean.
Guztira, 12.000 etxebizitza eraiki nahi dira Urola Kostan, batez beste, urtean 550. Babes motaren bat duten etxeak 3.900 izango dira, eta urtero 215 eskaintzea espero dute.
Herrietan dauden auzoetan proiektu gehiago egingo dituzte, eta herriguneak gehiago dentsifikatzeko asmoa dute. "Hiri-area mistoak eta dinamikoak eratuko dira", eta, era berean, egin beharreko "jarduerak sakabanatzea saihestu" nahi dute.
Jarduera ekonomikoa
Jarduera ekonomikoa kokatzeko behar den lurzorua egokitzeko neurriak ere hartuko dira.
- Azpeitia-Urrestilla ardatz industriala garatzea, 25 hektarea.