Aurten ibilbidea alderantziz jartzea erabaki dute Azpeitia-Ikasberri Rallysprintean, "ikuskizun hobea" izateko. Iaz bezalaxe, GI-2634 errepidean egingo dute, baina goitik behera. Bidegoianen irten eta Errezildik pasatu ondoren, Azpeitiko Gazteko bidegurutzean bukatuko da larunbatean korrituko den auto lasterketa.
Lagun Artea Eskuderiak eta Ikasberri Kirol Elkarteak, aurten ere, elkarrekin antolatu dute auto lasterketa. 49 autogidarik eman dute izena, eta lasterketako aurreneko postuetan "borroka gogorra" izango dela azaldu du Jorge Del Cidek, Lagun Artea Eskuderiako kideak. "Ramon Apalantza eta Santi Artetxeren artean lehia gogorra izango da. Artetxek auto hobea dauka, (Peugeot 307 WRC) eta faborito nagusia da, baina Apalantzak (Mitsubishi EVO VI) herrian korrituko du, eta honen irabazteko gogoa handia da", dio Del Cidek. Joseba Zapirain (Seat Ibiza Kit Car) ere gogo handiarekin datorrela diote antolatzaileek.
Artetxe, Apalantza eta Zapirainez gain, Joxe Labaka (BMW M3), Oscar MaraƱon (Toyota Celica GT-Four) eta beste hainbat gidari lasterketa ona egiteko "gogoz" datozela esan dute.
Ikuskizuna, beraz, ziurra dela azaldu dute. "ibilbidea zaila da, eta azkarra. Erdi-erdian Errezil gelditzen da, eta bertan dago ibilbideko lekurik ikusgarrienetakoa".
Segurtasuna
Ikusleei leku seguruetan jartzeko eskatu diete auto lasterketaren antolatzaileek. "Jarriko diren seinaleei eta antolatzaileek esandakoei kasu egiteko eskatzen diegu larunbatean lasterketa ikustera joango diren zaleei. Segurtasuna garrantzitsua da", diote Lagun Arteakoek.
Beste eskaera hau era egin dute: inguruak txukun utzi, eta zaborra edukiontzietara botatzeko.
Rallysprinta
Apirilak 1, larunbata
09:00etatik 11:00etara Azpeitiko epaitegiaren aurreko parkalekuan eta Garoa kafetegian autoen azterketa egingo dute.
14:30etik 19:00etara Bidegoian, Errezil eta Azpeitia arteko errepidea itxita egongo da.
14:15ean Autoak Azpeitiko epaitegiko plazatik Landetara, asistentzia gunera, joango dira.
15:00etan Bidegoianen, auto lasterketaren lehen zatia hasiko da. Bidegoian-Errezil-Azpeitia ibilbidea egingo dute.
16:10ean Bidegoianen, lasterketaren bigarren zatia hasiko da.
17:10ean Bidegoianen, lasterketaren hirugarren zatia hasiko da.
20:30ean Sari banaketa, Azpeitiko epaitegi aurreko plazan.