Meatzaldeko giroa Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2006ko api. 4a, 15:04

Harrizulatzaileak, lanean (Argazkia, Hitza)

Harrizulatzaileen ordubeteko apustuan Trapagarangoak gehiago izan dira Jaizubiakoak baino

Aimar Irigoienek, berriz, marka egin zuen; 150 kiloko harri kubikoa 24 aldiz jaso zuen hiru minutuko bi txandatan (Urola Kostako Hitza)

Bizkaiko Meatzaldekoak izan ziren nagusi igandean, Azpeitiko zezen-plazan. Bai giroan eta bai harrizulatzen, bietan txapeldunak Trapagarangoak.

Trapagaran eta Jaizubia harrizulatzaile taldeek, igandean, 12:00etan zuten hitzordua Azpeitiko zezen-plazan, 6.000 euro zituzten jokoan. Ordubetean hamar zentimetroko zulo gehiago nork egin, horixe zen gipuzkoarrek bizkaitarrei egindako desafioa.

Eguerdia baino lehen txistu, txaranga eta jai giroa antzematen ziren Azpeitiko kaleetan. Bizkaitarrak ziren, Trapagarangoak. Zaletuz betetako autobusak etorri ziren Bizkaiatik, harrizulatzaileak animatzera.

Zezen-plazako harmailetan ere ikusle gehienak bizkaitarrak ziren. Jaia eurena zen. Ordubetez, animatu eta animatu jardun zuten.

Bitartean, urteetan eta urteetan zezen-plazak ezagutu ez duen kirol jarduna hondarretan, harrizulatzaileena.

Hondarribitarrak luzerako prestatuta etorri ziren, baina trapagarandarrei ezin aurrea hartu. Lehen orduerdiko saioan bost zuloko aldearekin bukatu zuten txapeldunek. Nekea antzematen zen kirolariengan, baina hala ere barrenarekin txandaka gogor ekiten zioten harri zulatzeari.

Azken emaitza, 34 zulo eta 6,5 zentimetro Trapagarangoek, eta 25 zulo eta 8,5 zentimetro Jaizubiakoek.

Herri kirolaren beste jaialdi bat ere prestatzen hasi dira Azpeitian. Eguna oraindik zehazteko daukate, baina datorren hilean izango da. Harrijasotzaileak (Goenatxo II.a, Goenatxo III.a eta Ostolaza) eta aizkolariak ariko dira orduan. Lau herrialdetako torneoko finala jokatuko dute.

.150 kilokoari, 24 jasoaldi

Harrizulatzaileen jarduna osatuz Aimar Irigoien errezildarrak marka saiakera egin zuen, zezen-plazan. 150 kiloko harri kubikoa 24 aldiz jaso zuen, hiru minutuko bi saiotan. Bi txandatan hamabina jasoaldi eman zizkion harriari.

Trapagarangoak bezalaxe Aimar Irigoienek ere jarraitzaileak bazituen ikuslegoaren artean. Harrijasotzen aritu zen bitartean, "Aupa Aimar, heldu horri. Oso ondo", oihu egin zuten jarraitzaileek.

Irigoienek 20 urterekin orain arte inork egin ez duena egin zuen igandean. Marka jarri zuen errezildarrak.

Egindako lanarekin ere "gustura" gelditu zen harrijasotzailea, eta zezen-plazako giroarekin "harrituta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide