Trenaren Museoak apirilaren 13an hasiko du denboraldia

Urola Kostako Hitza 2006ko api. 6a, 14:04

C-7 bagoia Lasaoko geltokian.

Museoa eta Lasao arteko ibilbidea egiten duen lurrun trenaren zerbitzua indartu egin dute C-7 zaharberrituarekin (Urola Kostako Hitza)

Astebete barru, berriro ere lurrun trenak martxan jarriko ditu Trenbidearen Euskal Museoak. Aurten, gainera, bidaiariak garraiatzeko C-7 Bidasoa bagoia abian jarriko du.

Atzo eman zuten Museoaren aurtengo denboraldiaren berri Julian Erasok, Eusko Treneko kontseilari delegatuak, eta Juanjo Olaizolak, Trenbidearen Euskal Museoko zuzendariak. "Museo honek asko erakusten du, eta ikasteko aukera ere ematen du", zioen Erasok.

"Ostegun Santu egunean hasiko gara lurrun trenaren zirkulazioekin, Aste Santuan, bereziki, bisitari ugari etortzen baita museora. Iaz, Aste Santua izugarria izan zen, lurrun trenean 2.572 lagun ibili zirelako. Egun batzuetan lurrun trenaren zirkulazioak gehitu egin behar izan genituen, jendea trenean ibili gabe ez uzteko", azaldu zuen Olaizolak.

Trenbidearen Euskal Museoa eta Lasaoko tren geltokia arteko ibilbidea egiten duen lurrun trenaren zerbitzua indartu egingo dute aurten. Martxan jartzen dituzten bi bagoiei beste bat gehituko diote. Horretarako, Bidasoa C-7, bidaiariak garraiatzeko bagoia, berriztatu egin dute. 100.000 euroko kostua eduki du.

C-7 bidaiarien bagoiak Irun eta Elizondo lotzen zituen Bidasoako Trenbidean du jatorria. Baina, 1956an, Bidasoako trenbidea itxi egin zuten, eta, orduan, Azkoitiko Forjas de Zubillaga enpresak erosi zituen txatarra moduan.

Zubillagatik Urolako trenera

C-7 ibiltarien bagoiak, ordea, ez zuen Azkoitiko Zubillagan amaitu bere ibilbidea. Urolako Trenbideak erosi, eta 1964ko urtarrilaren 15ean martxan jarri zuen. 1986an, ordea, Urolako trena ere itxi egin zuten.

Urolako trenbidea gelditu zutenean, C-7 bagoia Eusko Trenen Trenbidearen Euskal Museoan gorde zuten. Iaz, bagoia zaharberritzeko dirua jaso zuen museoak Eusko Tren eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailetik, eta lanari ekin zion. Hala, Bidasoako Trenbidean ibili zen garaiko jatorrizko itxura ematea erabaki zuten. Halaxe egin dute.

C-7 bagoiari jatorrizko itxura emateko, Bidasoako Trenbidean lanean jardundako bi langileren laguntza izan dute museoan: Pedro Carrillorena eta Andres Urzelaietarena.

Carrillo, asteazkenean, Azpeitiko Trenbidearen Euskal Museoan izan zen. Gustura zegoen irundarra C-7aren zaharberritzearekin, eta Bidasoako Trenbidean lanean jardun zueneko garaiak gogorarazten dizkiola adierazi zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide