Eskuko kultur agenda kalean da

Uztarria 2006ko api. 6a, 15:04

Eskuko agenda. Apirilekoa.

Uztarria Kultur Koordinakundea herriko kultur agenda ateratzen hasi da

Hilero aterako du eta, toki publikoetan eta tabernatan eskuratu ahal izango da

Apiriletik, hilabetero aterako du Uztarria Kultur Koordinakundeak eskuko kultur agenda. Agenda honek, hilabetearen hasieratik herrian dauden ekintzen berri ematea du helburu eta kalean da jada 1. zenbakia.

Ezaugarriak:
- Maiztasuna: hilero aterako du Uztarriak. Hil hasieran.
- Neurriak: 7,5 x 10 zentimetro.
- Tirada: 1.000 aleko.
- Koloretan.
- Banaketa: taberna eta toki publikoetan eskuratu ahal izango da.

Uztarriak iaztik zuen eskuko agenda ateratzeko asmoa, baina orduan ezin izan zuen helburua gauzatu. Iaz, Plazan dagoen kultur karteldegia martxan jarri zuenean hastekoak ziren agendarekin, baina, laguntzarik gabe, ezinezkoa egin zitzaion eskuko agendak kaleratzea. Uztarria Udalarekin hizketan aritu da azken hilabeteetan eta Udalak lagundu egingo du.

Epe motzera, Plazan karteldegia berriro martxan jartzeaz gain, beste bi jartzeko asmoa ere badu Uztarriak; bat Sanjuandegian eta bestea Betharramdarretan.

Harremanak

Kultur agenda honen helburua, hilabetero herrian dauden ekimenen berri ematea da. Uztarria-Kultura arlokoa saiatu da talde denekin harremanetan jartzen, baina ez da erraza. Beraz, norbaitek bere ekimenen berri eman nahi badu, idatz dezala helbide honetara: kultura@uztarria.com

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide