Juan XXIII.a auzoa eta Landetako industriagunea lotuko dituen bidegorria egiten ari dira, eta Betharrametatik kiroldegirako bidegorriaren proiektua hil honen bukaeran emango dela aurreikusten du Udalak. Halaxe azaldu zuen ostegunean Julian Eizmendi alkateak Eskola Agenda 21eko udalbatzar berezian.
Eskola Agenda 21en herriko hiru ikastetxetako (Iraurgi ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola) 875 ikasle ari dira parte hartzen. Ikasle horien ordezkarietako batzuk ostegun arratsaldean udalbatzarra egin zuten udaletxean, Julian Eizmendi alkatearekin eta Izaskun Zeziaga Udaleko ingurumeneko teknikariarekin batera.
Ikasgeletan ingurumenaren baitan landu dutenaren berri eman zuten. Batik bat kontsumoa murrizteko, gauzak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta zabor gutxiago sortzeko lan egin dutela adierazi zuten.
Baina eskaerak eta proposamenak ere egin zizkioten alkateari. Asko eta asko izan ziren eskatutako kontuak; hona batzuk: bidegorriak eta bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea; udaletxean birziklatutako papera erabiltzea; jolaslekuetan berezitutako zakarrontziak jartzea; etxeetako postontzietan jasotzen den publizitatea saihesteko pegatinak banatzea; txakurren gorotzak jasotzeko edukiontziak jartzea eta baserritarren azokak eta herriko denda txikiak sustatzea.
Haur eta gazteek egindako eskarien harira alkateak Udalak eskuartean dituen hainbat egitasmo eta hartutako erabakiren berri eman zuen. "Norbanako bakoitzak bere neurrian eta tokian asko egin dezake ingurumenaren arloan eta hobetzeko konpromisoak hartu behar ditugu denok".
Aldundiak aurten Azkoitia eta Azpeitia lotuko dituen bidegorria egiten hasiko dela aurreratu zuen alkateak ostegunean. Baina herri barruan ere bizikletentzako bideak egiten hasi da Udala.
Juan XXIII.a auzoa eta Landeta arteko bidegorria egiten hasi dira. Hilaren bukaeran, berriz, bigarren bide baten proiektua erabakiko da, ostegunean alkateak esan zuenez. Bizikletentzako bigarren bide honek Betharram eta kiroldegia lotuko ditu. Baina aurrerantzean, Garmendipe eta igerilekua lotuko dituen beste bidegorri bat egiteko asmoa ere badu Udalak.
Horrez gain, ingurumen arloan beste hainbat eta hainbat asmo dituztela nabarmendu zuen alkateak: olioa hilean bi aldiz biltzea, zakurren gorotzak jasotzeko bitartekoak banatzea, udaletxean paper kontsumoa jaistea eta propaganda kontrolatzeko neurriak hartzea, besteak beste.