Igandean (hilak 9) Oskar Lasari, Lasa III.ari, irabazi ondoren, Kepa Peñagarikanok Pilota Buruz buruko Txapelketako final-zortzirenetako txartela eskuratu du. Bertan Yves Salaberri Xala-ri egin beharko dio aurre, astelehenean (hilak 17), Bergaran.
Lasaren kontra jokatutako partida irabazten hastea garrantzitsua izan zen Peñarentzat: "Aurretik jokatu ditudan bi partidetan galtzen hasi nintzen, batean 7-1 eta bestean 10-1. Igandean, irabazten hasi nintzen eta beste lasaitasun batekin jokatu nuen pilotan". Lasaren kontra jokatu aurretik, Enrike Galarza eta "Iñaki Esaini":http://www.uztarria.com/albistiek/1144147246 irabazi behar izan zion.
Peñagarikanok uste baino errazago irabazi zion Lasari, "aurkariak ez baitzuen bere mailarik eman". Egindako lanarekin gustura da pilotaria. "Astelehenean Xalaren kontra jokatuko dut, eta hori beste gauza bat izango da. Xala beste maila bateko pilotaria da. Orain dela bi urte ere manonamistako finala jokatzera ailegatu zen eta beste maila batekoa da". Hala ere, ahal duen guztia emango omen du Peñagarikanok Xalari irabazteko.
Fisikoki ondo sentitzen da Peña: "Nire momentua hauxe da eta oraintxe aprobetxatu behar dut. Aspaldiko momenturik onenean nago".