Ertzaintzak ez dio Batasunari batzarra egiten utzi

Uztarria 2006ko api. 12a, 13:04

Atzo (asteartea) Aitonenan deitu zuen bilera

Debekua salatzeko, herritar talde batek elkarretaratzea deitu du gaur (hilak 12) 19:00etarako, Olazko Amaren plazan

Ertzaintzak Azpeitiko Batasunak atzorako (hilak 11) deitu zuen Ezker abertzalea eta prozesu demokratikoa batzarra egitea eragotzi egin zuen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduei jarraituz.

Batzarra Aitonena I-en egitekoak ziren 19:30ean, baina Ertzaintzak galarazi egin zuen. Batasunak esan zuenez, EAEko Poliziak Julian Eizmendi Azpeitiko alkateari esan zion lokala ez uzteko. Hori, "azpeitiarren eskubide zibil eta politikoen erasotzat" hartu dute batzarraren antolatzaileek. "Edozein prozesu aurrera eraman ahal izateko, euskal herritar guztien eskubide zibil eta politikoek bermatuak izan behar dute. Beraz, oztopo hauek, prozesua oztopatu besterik ez dute egiten".

Horregatik, herritar talde batek gaur 19:00etan elkarretaratzea deitu du Olazko Amaren plazan, "eskubide zibil eta politikoen alde".

Ertzaintzak arrazoi berarekin beste herri batzuetan ere galarazi ditu batzarrak: Villabonan, Ordizian eta Getarian, esaterako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide