Urtero bezala Euskal Antzerki Topaketen harira kartel lehiaketa antolatu du Azpeitiko Udalak. Aurtengoa, XXIV. edizioa izango dute Antzerki Topaketek eta horixe izango da lehiaketako gai nagusia. Lanak, maiatzaren 2tik ekainaren 2ra bitartean aurkeztu behar dira.
Lehiaketara aurkeztuko diren lan guztiekin erakusketa antolatuko du Udalak. Betharrametako aretoan egingo dute erakusketa eta ekainaren 10etik 25ra bitartea egongo dira lanak erakusgai.
Erakusketa ondoren, Udalak izendatutako epaimahaiak kartel irabazlea aukeratuko du. Irabazlearen izena uztailean emango da jakitera eta 900 euroko dirusaria jasoko du.
Kartel lehiaketan edonork har dezake parte. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ditzake. Aurkezten diren lanak aurrez argitaratu gabeak izan behar dute, eta edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke. Lanek, 450mm x 680mm neurria izan behar dute. Lehiaketako lanak helbide honetara bidali beharko dira:
Azpeitiko Udala - Kultura Saila
Enparantza Nagusia, 5 - 20730 Azpeitia
Lehiaketaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, 943 15 70 68 telefonora deitu behar da.