Gaztetxe Martxa apirilaren 27an pasatuko da Azpeititik

Uztarria 2006ko api. 20a, 17:04

Azpeitian bazkaria antolatu dute Gaztetxean egun horretarako

Martxa apirilaren 21ean hasiko da Maulen eta Iruñean bukatuko da maiatzaren 7an

Pausoz pauso... autogestioari ateak zabalduz lemapean Gaztetxe Martxa hasiko da Maulen bihar (hilak 21). Martxa Euskal Herriko herri askotatik pasatu ondoren, Iruñean bukatuko da maiatzaren 7an. Zuberoan hasi eta Nafarroan bukatuko den martxa honen helburua gaztetxeen izaera, lana eta asmoak zein diren azaltzea da.

Iraungo dituen hamasei egunetan, besteak beste, Hazparnetik eta Azpeititik ere pasatuko da (Hazparne Azpeitiarekin senidetuta dago 80ko hamarkada hasieratik). Hazparnetik apirilaren 23an pasatuko da eta Azpeititik, berriz, lau egun beranduago, apirilaren 27an. Azpeitira 12:00etan iritsiko da eta herriko kaleetan kalejira egin ondoren, bazkaria izango da Gaztetxean. Bazkalondoren martxak Azkoitirako bidea hartuko du; Azpeititik bizikletan joango dira. Bira erraldoi honen antolaketan Euskal Herriko herri bakoitzeko gaztetxe eta gazte asanbladek hartu dute parte.

Maiatzaren 7rako, Gaztetxe Martxa bukatzen den egunerako, Gaztetxe Egun Mundiala antolatu dute Iruñean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide