Gipuzkoako Foru Aldundia hasi da Loiolan aparkalekuak egiten. Altuna y Uria enpresak egingo ditu obrak eta joan den astean hasi zen lanean. Uranga jatetxearen aldeko jardinean edota berdegunean oinezkoentzako 14 metroko pasabidea egiten hasi ziren joan den astean. "Oinezkoentzako pasabidea Loiolatxo Elkartearen eraikin berriaren ondoan egingo dugu, elkartearen azpikaldetik joango da", azaldu dute Altuna y Uriakoek. Autoentzako aparkalekuak egiteko lanak, berriz, gaur bertan (hilak 24) hasi dituzte. Lehen Loiolatxo Elkartea zegoen tokian eta Urola Tren geltokia zenaren ondoan egingo dituzte aparkalekuak. Bi aparkaleku horiek gauzatzeko 775.881 euro jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Urolako trenaren geltoki zaharraren ondoan auto eta autobusentzako aparkalekuak egingo dituzte. 42 auto eta lau autobusentzako lekua egongo da lanak amaitzen dituztenean; lau hilabete beharko dituzte.
Errepidea itxita
Hilabete eta erdiko epean, lanak direla medio, Loiolako biribilgunetik tren geltokira dihoan errepidea itxita egongo da. "Errepidea zabaldu egingo da, alde bakoitzetik metro eta erdi zabalduko da eta sei metro zabaleko errepidea geldituko da, horrela bi norabidetako autoak hobeto sartuko dira", diote obra egiten ari direnek. Errepide hori itxita dagoen bitartean, basilika aurretik pasatu eta Uranga jatetxearen ondotik edota lehen Loiolatxo Elkartearen egoitza zegoen tokitik pasatu daiteke atzeko errepidera. Loiolako biribilgunetik tren geltoki zaharrera oinezkoentzako bide bat ere egokituko dute, "errepidearekiko paraleloan joango da oinezkoentzako bidea, baina jardin edo berdegunetik".
Autoentzako bigarren aparkalekua lehen Loiolatxo zegoen tokian egingo dute. Han ere obratan hasita daude. 56 auto uzteko tokia egokituko dute eta honek 220.822 euroko aurrekontua izango du.