Joan den astean VII. Gazte Astea egin zuten Udaleko Gazteria Sailak antolatuta. Zapo Txoko Gaztelekutik hainbat ekitaldi antolatu zuten, eta antolatzaileak izandako emaitzarekin "oso gustura" gelditu dira: "Parte hartze oso handia izan dugu aurtengo Gazte Astean, eta oso gustura gaude horrekin. Bestetik, antolatutako ekitaldi guztiak ondo joan dira, eta gazteek oso ondo pasatu dute", dio Nerea OrbaƱanos Gazteriako teknikariak.
Futbito txapelketa, bizikleta irteera, patata tortilla lehiaketa, paintball-a eta Dimara irteera egin dituzte Gazte Astearen barruan. Parte hartze handiena futbito eta patata tortila lehiaketek izan dute. "Futbitoan aurreko urteetan baino gazte gehiago aritu izan da, eta guztira, 114 lagunek jokatu dute 14 taldetan banatuta. Taldeak osatzeko orduan, partaide erdiak mutilak izan dira, eta beste erdiak neskak", diote Gazteriakoek.
"Ezuste handiena" sortu duen ekitaldia patata tortilla lehiaketarena izan da. "Aurten, aurrenengo aldiz antolatu dugu, eta guretzat ezustea izan da gazteek izan duten erantzuna: 134 lagunek parte hartu zuten 38 taldetan banatuta. Lehiaketa udaletxeko arkupetan egin genuen, eta talde askok izena eman zutenez, bi txandatan banatu genituen. Epaimahaia bertara inguratu ziren emakume batzuk eta hezitzaileok osatu genuen", azaldu du OrbaƱanosek.
Ludoteketako ekitaldiak
Aurreko urteetan bezalaxe, Aste Santuko oporraldian, hilaren 18tik 22ra bitartean, Txiki Txoko eta Iturri Txiki ludoteketan 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat programazio berezia prestatu du Udaleko Gazteria Sailak. Antolatzaileen esanetan, hezitzaileek egindako ebaluaketa "oso positiboa" izan da, eta joan den urtetik parte hartu duten haurren kopurua igo egin da. Batez beste, ludoteketan egunero 76 haur inguru ibili dira.
Ludoteketan ekitaldi gehienak arratsaldez egin dituzte, eta arrakasta handiena igerilekuko irteerak eta egunpasak izan dute.