Denboraldiko partida garrantzitsuena jokatu du larunbatean Lan Mobel Iraurgik Salamancan hango taldearen kontra. Partida erabakigarria da Azpeitiko taldearentzat. Iraurgi sailkapeneko hamargarren postua dago eta Alvecon eta Salamanca taldeekin nahiko parekatuta dabil. EBA Ligatik bost talde jaitsiko dira aurten. Guztira hamasei taldek jokatzen dute. Salamancaren kontrako partidan 28 puntu baino gutxiagogatik galtzea nahikoa du Lolo Encinasen taldeak mailari eusteko, nahiz eta beste bi taldeek egiten dutena kontuan izan beharko den.
"Oso denboraldi luzea egiten ari zait. Beste erabateko denboraldi bukaera espero nuen", dio Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakariak. "Denboraldi hasierako helburua mailari eustea zen, aurrera joan ahala nahastu egin ginen; lesioekin et fitxageekin ibili gara... Bigarren bueltan, berriz, lesio gabe behera egin dugu", aitortzen du Xubik. Dena den, Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakaria taldeak mailari eutsiko diolakoan dago.