Urola-Kostako Hedabideek urteko kobraketa kanpaina hasi dute, abantailak eskainiz

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 3a, 16:05

Egunean 0,21 euroren truke, ordaintzen dutenek Hitza etxean jaso eta zozketetan parte hartuko dute (Urola Kostako Hitza )

Urola-Kostako Hedabideak enpresak (bertako bazkideetakoa da Uztarria Kultur Koordinakundea) hasi du 2006ari dagokion harpidetza kobraketa kanpaina. Urola Kostako Hitza egunkaria argitaratzen du (www.urola-kostakohitza.info ataria ere badu), "eta ematen dugun zerbitzu komunikatiboa kontuan hartuta, irakurleek harrera ona egitea espero dugu", esan du.

Urola Kostako Hitza-gatik ordaintzen dutenek, abantailak izango dituzte: etxean jasoko dute egunkaria eta zozketetan parte hartuko dute. Hitza jasotzeagatik aurtengo kuota 60 eurokoa da (azken batean, egunero 0,21 euro dira) eta Harpidedun txartela jasoko dute, zozketetarako.

"Behar-beharrezkoa da"

Urola-Kostako Hedabideek orain dela bi urte egin zuten lehen kobraketa kanpaina, Hitza sortu eta urte erdi pasara, eta irakurleen artetik kontaktatutakoen %60 inguruk ordaindu zuten: 3.400ek. Iaz, berriz, 4.018 izan ziren ordaindu zutenak. "Aurten ere behar-beharrezkoa da irakurleen diru ekarpena. Gu ahalegin handia egiten ari gara, egunkariaren bidez eskualdeko informazioa etxeraino eramanez eta hizkuntzaren normalizaziora begira ekarpena eginez. Horrek kostu handia dakar".

Horretaz gain, erakunde publikoen diru laguntza ez da behar bezainbestekoa. Eskualdeko udalek denen artean, adibidez, eskatutakoaren erdia baino ez diote ematen Hitza-ri, eta Eusko Jaurlaritzak iaz diru laguntzak jaitsi egin zizkion.

Kobraketa kanpaina honetan, Urola-Kostako Hedabideek etxeko atariko giltzak ere eskatuko dizkiete irakurleei, egunkariaren banaketa hobetzeko asmoz.

Ordaintzen ez duenak etxean ez

Urola-Kostako Hedabideak 2004ko otsailetik ari da Urola Kostako Hitza egunkaria kaleratzen, eta kazeta jasotzeko izena emandakoei etxera banatzen. Orain arte bi aldiz egin du kobraketa kanpaina, autofinantzaketa handiagoa lortzeko, eta emaitzak onak izan dira; bigarrengoan, gainera, aurrenekoan baino hobeak.

Orain arte Hitza-ren zerbitzua ordaindu ez dutenek ere egunkaria etxean jaso dute, baina hemendik aurrera ez. "2004an sortu genuen Urola Kostako Hitza, eta gure ustez, bada garaia irakurle denek proiektu hau ekonomikoki ere baloratzeko. Hitza nahi baduzu, logikoena zerbitzu hori ordaintzea da. Urtean 60 euro baino ez dira. Gainera, egunkaria etxeraino eramateak kostea du", diote Urola-Kostako Hedabideek.

Harpidedunaren abantailak

.1- Hitza etxean jasoko du. Egunkaria etxean jasoko du kuota ordaintzen duenak (besteek ez), asteartetik igandera bitartean, beti bezala.

.2- Harpidedun txartela jasoko du. Harpidedun txartela jasoko du laster.

.3- Zozketak.... Urola Kostako Hitza-ren ordaintzaile horiek abantailak izango dituzte urtean zehar, zozketa bidez: bidaiak, abentura irteerak, afariak... Hitza egunkaria zozketa horiek-eta jakinarazten joango da.

Produktuak

Urola-Kostako Hedabideen helburua, eskualdeko euskarazko hedabideen sarea osatzen joatea da. Bide horretan, gaur egun bi proiektu ditu enpresak.

Urola Kostako Hitza. Hitza-k egunero irakurleei zerbitzu garrantzitsua ematen die.
- 8 orrialdeko egunkaria da. Tarteka, 12 orrilde ere egiten ditu.
- Asteartetik igandera argitaratzen da Hitza. Urtean, 282 aldiz.
- Eskualdeko 11 herrien berri ematen du.

www.urola-kostakohitza. info. Hitza-ren atari digitala da.
- Edizio jarraitua du: momentuko albisteak sartzen ditu. Paperekoak ere bai.
- Parte hartzeko aukera handia dute irakurleek: albisteen erantzunetan, inkestan, eztabaidan...
- Beste hainbat atal du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide