Larunbatean, maiatzaren 6an, Kepa Peñagarikanok Pilotako Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetarako partida jokatuko du Juan Martinez Irujoren kontra, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Pilota jaialdiko lehenengo partida 17:00etan hasiko da eta Irujo-Peñagarikano partida, berriz, hura bukatutakoan hasiko da.
Peña txapelketan orain arte egindako lanarekin "gustura" dago. "Neure buruari erakutsi nahi diot Irujori aurre egiteko gai naizela", hori adierazi zion uztarria.com-i Xala-ren kontrako partida irabazi ondoren.
Txapelketan aspaldi hasi zuen bidea Peñak, "Iñaki Esain":http://www.uztarria.com/albistiek/1143545856, Enrike Galarza, Oskar Lasa eta Yves Salaberri Xala txapelketatik kanpora utziz. Irujok, bere aldetik, txapelketako lehenengo partida jokatuko du Peñaren kontra.
Uztarria.com-eko inkesta
Azpeitiko pilotazale batzuen iritziak
Koldo Aldalur (Kazetaria): "Bakoitzak bere mailan jokatzen badu Irujok irabaziko du, nahiz eta nik Peñak irabaztea nahi izan. Dena erritmo kontua da, Irujok biziago jokatzen du eta... Partida hau, bere kirol bizitzako momentuan iritsi zaio Peñari. Oso bolada gogorra pasatu zuen eta mano-manistako partiduak bezalakorik ez dago zulotik irteteko. Txapelketan, joko aldetik oso ondo ikusi dut, asko sakatzen du. Konfidantza hartzen duenean edozer egiteko gai da. Eta irabaziko balio zer? Lau onenen artean sartuko litzateke, baina Irujo denen gainetik dago eta.. Peñak ez dauka inongo presiorik. Luxu bat da Azpeitian Peña bezalako pilotari bat edukitzea. Larunbatean Atanon izango naiz".
**Patxi Azkargorta (Ilunpe Pilota Elkarteko kidea eta Peñagarikanoren entrenatzaile izandakoa)**: "Orainarte Peña ondo ikusi dut, eta poz handiarekin jarraitu dut gainera. Bestearen adina bada, eta aurrera segitzeko gai da. Larunbatean paper itxurazkoa egiten badu, nahiz eta ez irabazi, gero bi bitariko partidetan jokatzeko animoak emango dizkio eta ia enpresak kontuan izaten duten. Ni larunbatean han izango naiz; pozik goaz".
**Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin (Ilunpe Pilota Elkarteko kidea eta Peñagarikanoren entrenatzaile izandakoa)**: "Zaila da irabaztea baina Peñak bere partida egitera joan behar du. Txapelketa ona egin du, ez nuen espero hainbeste egingo zuenik. Azpeititik jende dezente joango gara partida ikustera, autobusa ere antolatzekotan egon ginen baina azkenean ezer ez. Peñak lasai joan behar du, ez dauka eta ezer galtzeko".
Iban Otaegi (Pilotaria): "Peñagarikano oso ondo ikusten dut. Lau partida irabazita joango da, eta partidatik partidara gero eta hobeto ari da jokatzen. Partida zaila da berez, Irujo onenetako bat da. Peña ordea, lau partida irabazita dago eta ondo ari da. Irujok lehenengo partida du eta derrigor irabazi behar du. Peñak bere eguna baldin badu aukerak izango ditu. Ea Irujori susto bat ematen dion eta aurrera egiten duen".
Azkeneko albistea (hilak 5, 19:00): oso pilota indartsuak hautatu dituzte. Juan Martinez Irujok eta Kepa Peñagarikanok sortako pilota indartsuenak aukeratu zituzten atzo (osteguna), bihar Atanon jokatuko duten buruz buruko partidarako. Irujok 104,4 eta 104,7 gramokoak. Peñagarikanok 104,1 eta 104,9 gramokoak. Lau pilotak antzekoak dira, indartsuak eta frontisetik gogor irteten direnak (Berria).
Peñagarikanok eskuetako arazorik gabe jokatuko du bihar Irujoren aurka. Eskua minduta zeukala bukatu zuen Xalaren aurkako partida. Kontrarioaz esan duena: Irujo ez da garaiezina. Iaz Olaizolaren aurka galdu zuen eta baditu hutsuneak. Hari irabazteko, oso ondo sakatu behar da, eta haren bolea saihestu. Boleaz sartzen bada, jai daukat.
Irujok Peñaz: Lehen fasean, Galarzari irabazi zionean, Kepari final-laurdenetan elkartu gintezkeela esan nion, eta bete-betean asmatu dut.
**Azkeneko albistea (hilak 6, 11:10): Peñagarikano: "Irujoren aurka dakidan dena egitea da nire asmoa".** Gaur Urola Kostako Hitzan elkarrizketa egin diote Peñagarikanori, eta "Irujoren aurka dakidan dena egitea da nire asmoa", esan du. "Horrela eginez gero, irabazi gabe ere gustura joango naiz etxera".
Beste esaldi batzuk:
- "Uste dut ez dela garaitezina. Baina orain oso momentu onean dago, eta zaila da hari irabaztea. Baina hark ere bere akatsak egiten ditu, eta akats horiek bilatzen saiatu behar dut".
- "Azkenaldian ez naiz oso ondo ibili, eta batzuk harrituta daude orain daukadan mailarekin. Ni eta nire inguruko asko ez daude harrituta entrenamenduetan eta zenbait garaitan horrenbeste eta gehiago jokatzeko gai naizela erakutsi dudalako. Kontua da ez nuela egiten. Azkenean egin dut".