Afinsa inbertsio enpresak Azpeitian bulegoa du Damaso Azkue auzoan, eta 'Hitza'-k jakin duenez inbertitzaileak ere baditu herrian. Baina gauzak argitu bitartean bi aldeek ez dute hitz egiterik nahi izan.
Egunotan Espainiako Polizia Forum Filatelico eta Afinsa inbertsio enpresak ikertzen ari da, inbertitzaileei iruzur egin dietelakoan. Operazio hau Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz eta Fernando Grande Marlaska epaileek aginduta abiatu du Poliziak.
Zenbait iturriren arabera, bi enpresek filatelia produktuetan inbertsioak egiteko eskaintzak egiten zituzten.
Espainia, Galizia eta Katalunian bederatzi pertsona atxilotu ditu Espainiako Poliziak, "350.000 inbertitzaile baino gehiagori iruzur egitea egotzita".
Ikertutako bi enpresa horietako batek, Afinsak, Azpeitian bulegoa du, Damaso Azkue auzoan. Baina atzo, asteazkena, itxita egon zen egun osoz. Inbertitzaileek informazio askorik ez zutela eta ez zuten hitz egiterik nahi, "gauzak argitu arte hobe ezer ez esatea".
EKA (Kontsumitzaileen Elkarteak) auzi honetan kaltetuak izan daitezkeenekin batzar informatibo bat deituko duela adierazi zuen atzo. EKAk azaldutakoaren arabera, Bilbon bakarrik 5.000tik gora kaltetu izan daitezkeelako.