Iñaki Etxenagusia: "Lehiaketak irabaztea suerte pixka bat izan da"

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 11a, 16:05

Iñaki Etxenagusia.

Segidan hiru argazki lehiaketa irabazi ditu Iñaki Etxenagusia azpeitiarrak, bi Azpeitian eta bat Tafallan (Urola Kostako Hitza)

Iñaki Etxenagusia (Azpeitia, 1954) Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea da, eta azken hilabeetan sokamuturreko eta Urola bailarako argazki lehiaketak irabazi ditu, tartean baita Tafallakoa ere. Argazki onak ateratzen, ibiliz ikasten dela dio.

Hiru argazki lehiaketa irabazi dituzu segidan, aurreko batean batek zioen "fuerte" zabiltzala.

Suerte pixka bat izan da.

Suertea nahikoa izaten al da bada argazki lehiaketa bat irabazteko?

Behin maila pixka bat eta argazki dezenteak aterata, beste kontua epaimahaiari gustatzea da. Urola bailarakoan nahiko justua izan zen eta sokamuturrekoa ere ez zen oso ikusgarria izan. Boladak izaten dira, oraintxe bi, hiru, lau sari ateratzen dira eta hurrengoan igoal batere ez. Nahiz-eta gustura gelditu egindakoarekin, batzuetan epaimahaiak ez du horrela ikusten. Horregatik diot, suertea dezente dela.

Urola bailarako rallya eta sokamuturrekoa biak ere oso lehiaketa desberdinak dira.

Sokamuturrekoan, neu ez naiz behean, zezenean, ibiltzen. Beti kiosko gainetik edo hesien atzetik ateratzen ditut argazkiak. Ezustekoren bat edo beste izan dut gainera. Hala ere, Miguel Iriarte Mielito Sarralle hor ibiltzen da behean. Aurten sokamuturreko lehiaketa desberdina izan da. Aurreko urteetan argazki ikusgarria saritzen zuten, baina aurten espresibitatea eta beste kontu batzuei begiratu diete, momentuari. Bestea, Urolakoa, rallya da. Sei gai ematen dituzte eta haiei atera behar zaie argazkia, gero guk onenak aukeratu eta haiek aurkezten ditugu lehiaketara. Sokamuturrekoan epaimahaiaren iritziak kontatzen du eta rallykoan puntuaketa bidez erabakitzen da.

Gustukoagoa zein?

Azpeitiarrontzat, sokamuturrekoa. Gainera, argazkilarion artean beste kontu batzuk ere ibiltzen ditugu: argazki lehiaketa irabazten duenak besteei afaria ordaintzen die eta giro ederra izaten dugu.

Lehiaketa askotan parte hartzen al duzu?

Bai, dezente mugitzen gara eta herri askotara joaten gara. Tafalla, Artaxoa, Legazpi, Donostia... Euskal Herrian egiten diren lehiaketa askotara joaten gara. Bi edo hiru lagun joaten gara eta hainbat alditan eguna pasatzera joaten gara.

Noiz eta nolatan hasi zinen argazkiak ateratzen?

Ezkondu berritan 28 bat urte izango dira. Argazki makina txikiarekin hasi nintzen eta gero pixkanaka laboratorioan eta errebelatzen. Asko ibiltzeak asko erakusten du. Rallyetara joanda, puntuazioak eta proiekzioak ikusita asko ikasten da. Beste herri batzuetara epaimahaia osatzera ere joaten gara eta horrelakoetan ere asko ikasten da.

Argazkilari askok diote argazki makinarik gabe ezin dutela inora joan. Zu ere horietakoa al zara?

Bai, badaezpada beti eramaten dut makina. Baina askotan eraman, eta, igoal ezer atera gabe itzultzen naiz etxera. Lehen, analogikoarekin, garestia zen baina orain dijitalarekin errazagoa da eta kostu gutxiago dauka.

Galdu duzun argazkirik bai?

Asko dira, bizikletan joan eta ikusi argazkiren bat eta kamara falta. Asko dira galdutako argazkiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide