Afinsa eta Forum Filatelico inbertsio enpresen auzian ustez kaltetuta izan diren 10-11 inbertitzaile pasatu dira dagoeneko Azpeitiko eta Azkoitiko Kontsumitzaileen Udal Bulegoetatik. "Bai Afinsa eta bai Forum Filatelico enpresetako bezeroak ari dira etortzen Kontsumo Bulegora, 10-11 lagun etorri dira dagoeneko. Azpeitiko eta Azkoitiko bulegoetan hartu ditugu, gaur bertan [atzo] bi inbertitzaile etorri dira auzi honen kontuagatik galdezka Azpeitiko bulegora", kontatzen du Mila Urzelai Kontsumitzaileen Bulegoko langileak.
Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak ostegunean jakinarazi zituen bi inbertsio enpresei leporatutako salaketak. Afinsari, zigiluei behar baino balio handiagoa ematea eta zigilu faltsuekin "iruzurra" egiteagatik "kiebra egoera", "ustelkeria" eta "Ogasun Publikoaren aurka delituak egitea" leporatu dizkio. Forum Filatelicori, berriz, "iruzurra" egitea egotzi diote. Bi enpresek, ordea, ukatu egin dute haiei leporatzen diotena. "Afinsak 25 urte baino gehiagotan ondo funtzionatu du eta antolaketa eta kudeaketa sistema zuzenak dauzka. Bere bezeroekin beti bete izan ditu betebeharrak", diote enpresakoek.
Afinsak Azpeitian bulegoa dauka, eta baita bezeroak ere. 'Hitza'-k ezin izan du jakin zenbat inbertitzaile egon daitezkeen bertan, Azpeitiko bulegoko Anjel Ainziburu langileak ez duelako daturik eman, "une hauetan enpresak esandakoari heldu behar diot, eta ezin dugu ezer gehiago esan".
Baina Afinsan inbertitu duten guztiek ez dute bulego horretan egin, badira enpresarekin kolaboratzen duten batzuen bidez inbertitu duten herritarrak ere. Izenik eman nahi ez duen inbertitzaile batekin hitz egin du 'Hitza'-k, eta honek hala dio: "Nik dirua dut Afinsan inbertituta, baina ez dut bulego horren bitartez egin, beste azpeitiar baten bidez egin dugu inbertsioa".
Ostegun arratsaldean Espainiako Auzitegi Nazionalak sekretupetik atera zuen kasua. "Horregatik, gaur [atzo] arte, Kontsumitzaileen Bulegora etorri direnei datuak besterik ez dizkiegu hartu. Baina enpresei leporatzen zaiena jakin dugunean, aholku eske etortzen direnei datuak hartzeaz gainera, inbertitutako kopuruaz galdetu diegu eta ziurtagiriak eta dokumentazio guztia biltzen hasteko aholkua eman diegu", dio Urzelaik.
Inbertitzaileak nahikoa lasai
Kontsumitzaileen Bulegora joan diren inbertitzaileak "nahikoa lasai" daudela dio Urzelaik. "Orain arte Afinsa eta Forum-ek ondo erantzun diela azaldu dute eta horregatik nahikoa lasai daude. Niri behintzat hala iruditu zait".
Inbertitutako kopuruen inguruan galdetuta, inbertitzaileen artean "denetik" dagoela dio Kontsumitzaile Bulegoko teknikariak. "Hona galdezka etorri direnen artean denetarik dago: batzuk urte piloa daramatzate inbertitzen, eta beste batzuk bizi osoan aurreztutakoa dute inbertiuta. Baina denetik dago".
Azpeitiko Kontsumitzaileen Udal Bulegoa (Plaza Txikian dago) astelehen, asteazken eta ostiraletan egoten da irekita, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Azkoitiko bulegoa (Kultur Etxean, lehen solairuan dago), berriz, asteartetan eta ostegunetan izaten da zabalik, ordutegi berdinarekin. Azpeitiko bulegoko telefono zenbakia 943 157193 da, eta Azkoitikoa 943 857305.