Izena duenak badu izana: izen ala ez izen? ekimena jarri du martxan Udaleko Euskara Patronatuak . "Gure izen-deiturek nor garen adierazten dute. Azpeitiar askoren abizenek euskaldun direla adierazten dute, baina herritar gehienek gurasoengandik jaso dituzten euskal abizenak gazteleraz idatzita dituzte. Patrikan eramaten ditugun agirietan begiratzea besterik ez dago: nortasun txartelean, gidatzeko baimenean...", azaldu dute Euskara Patronatutik.
Izen-abizenak euskal grafiaz jartzeko zerbitzua Uztarria Kultur Koordinakundea hasi zen eskaintzen, 2002an. Gero, Uztarriak EBPNko Aholku Batzordean Udaleko Euskara Patronatuaren bidez zerbitzu bera eskaintzea proposatu zuen, eta orain Patronatuak egingo du.
Euskal deiturak euskaraz jarri nahi dituztenek bi agiri eraman behar dituzte Euskara Patronatura: nortasun txartelaren eta familia liburuaren fotokopiak. Gero, bertan eskari orria bete eta sinatu beharko da. Hortik aurrera egin beharreko guztia Euskara Patronatuak egingo du.