Labakaren eta Aranbururen datuak eta esanak

Uztarria 2006ko mai. 18a, 15:05

Labaka izan da Realean denboraldian minutu gehienetan jokatu duen hirugarren jokalaria

Aranbururen denboraldia belauneko lesio larriak baldintzatu du; ez du jokatu abendutik

Bukatu da Espainiako futboleko Lehen Mailako Liga, eta balantzearen ordua da. Realean bi azpeitiar jokalari daude: Mikel Labaka zentrala eta Mikel Aranburu erdilaria.

Labakak bigarren denboraldia du Realean. Iaz titular postua eskuratu zuen eta azkenekoan, partida batzuetan aulkian egon bada ere, egonkortu egin da hasierako hamaikakoan; hain zuzen, Ligako 38 jardunaldietatik 30etan titular izan da. Gainera, hura izan da Realeko jokalarien artean denboraldian minutu gehienetan jokatu duen hirugarrena (2.749 minututan), Mikel Alonso erdilariaren (2.954) eta Asier Riesgo atezainaren (2.906) atzetik.

Aranburu ere alor horretan puntan egongo zen, baldin eta abenduaren 4an Racingen kontra belaunean lesio larria ez bazuen izan. Harrezkero ez du jokatu, lehengo asteburuan taldearekin bidaiatu bazuen ere Bartzelonara Espanyolen kontrako partidara. Aranburuk 1997an egin zuen debuta Realean.

2005-2006 denboraldia

-Jokatutakoak.
Mikel Labaka. 32 partida (osoak 29).
Mikel Aranburu. 13 partida (osoak 9).

-Titular.
Labaka. 30.
Aranburu. 13.

-Minutuak.
Labaka. 2.749.
Aranburu. 1.041.

-Golak.
Labaka. 1.
Aranburu. 1.

Labakaren esanak

Denboraldi honetako zure partida bat? Ez naiz partida batekin bereziki gogoratzen, baina bat esatekotan, denboraldi hasieran etxetik kanpora jokatu genuen lehenengoa aipatuko nuke. Zaragozaren kontra jokatu genuen eta hiru puntuak irabazi genituen.
Zure momentu bat? Batez ere taldea ondo ibili den momentua, denboraldi hasiera aldea nabarmenduko nuke. Hiru partida segidan irabazi genituen.
Realeko jokalaririk onena? Ez zait jokalari bat nabarmentzea gustatzen, baina bat esatekotan, Mikel Aranburu esango nuke, etxeko jokalaria delako.
Realaren denboraldia, 0tik 10era? Nahiago dut lan hori beste batzuei utzi.
Espainiako Ligako jokalaririk onena? Ez dut beste taldeen segimendua egiteko astirik izan, baina Ligako irabazlea Bartzelona izanda, talde horretako jokalari bat izango da onena.

Aranbururen esanak

Denboraldi honetako zure partida bat? Atletico Madrilen kontra jokatu genuena.
Zure momentu bat? Bartzelonaren kontra jokatu aurreko hiru asteak. Hiru partida jarraian irabazi baikenituen.
Realeko jokalaririk onena? Mikel Labaka eta Igor Jauregi.
Realaren denboraldia, 0tik 10era? Bost puntu, larri ibili gara.
Espainiako Ligako jokalaririk onena? Ronaldinho.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide