Elkartasun egunaren atarian, Azpeitiko Udalean ekimen bat egin dugu, balkoitik pankarta bat zintzilikatuz. Ekimenaren helburua, Euskal presoen eskubideen errespetua exigitzearekin batera, Udal gobernuan dauden alderdiek gaiarekiko agertzen duten utzikeria salatzea da.
Izan ere, gatazkari konponbidea emateko ireki nahi den prozesu politikoan euskal herritar guztion parte hartzea ziurtatu behar dugu. Esan gabe doa, euskal preso eta iheslari politikoek ere eskubidea dutela prozesuan parte hartzeko. Eta gatazkari benetako konponbidea eman eta bakea lortu nahi bada, ezinbestekoa da preso politikoen afera gainditzea. Alegia, sakabanaketa politika hiltzailearekin amaitu eta preso politikoen estatus politikoa onartuz, euskal presoak Euskal Herriratu eta etxeratzea.
Baina aipatu helburuak lortzeko guztion ekarpenak izango dira beharrezko. Eta zoritxarrez, Azpeitiko Udalean urak ez doaz bide onetik. Adibide argiak emanez aipatu izan dugu, Udal gobernukide diren EAJ eta EA alderdien jarrerak, ez datozela bat bizi dugun giro politikoarekin. Eta preso politikoen gaiarekin, aurrez eskeinitako adibide ugariei bat gehitu besterik ez dugu egiten. Izan ere, preso politikoen egoera larriekiko agertzen duten interes eza gehiegizkoa da. Herriko sei preso politikoekin ez dute inolako harremanik, beraien egoerak ez ditu kezkatzen. Bizi dituzten egoera larrien berri ematen zaien bakoitzean, zerbait egin ordez, bizkarra ematera mugatzen dira. Presoen eskubideak errespetarazteko Udalak eskura dituen presio tresna guztiak desaktibaturik mantentzen ari dira. Eta sakabanaketa politikaren aurka daudela dioten bitartean, ez dute sakabanaketa gainditzeko urratsak emateko borondaterik agertzen.
Hala ere, eta zorionez Udala eta herritarren jarrerak kontrajarriak dira. Eta Udalak preso politikoei bizkarra erakusten diharduen bitartean, herritarrak euren babesa eta laguntza eskeintzen diete behin eta berriz euskal preso politikoei. Euskal presoen eskubideak errespetarazteko ezinbestekoa den herri presioa, antolatu, bultzatu eta sendatzen dihardute herritarrek egunez egun. Horren islada da, maiatzaren 20an burutuko den elkartasun eguna. Gure babesa eskeintzerakin batera, benetako konponbide eta bakearen alde dauden herritar guztiak presoen eskubideen defentsan mobilizatu eta egun honetan parte hartzera deitu nahi ditugu.